Albisteak

47. edizioa

Durangoko Azoka, euskal artisten helmuga

L.Z.

Kerobia, Bizardunak, Gatibu eta Willis Drummond, besteak beste, lan berriekin iritsiko dira Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. ediziora.

  • Durangoko Azoka 2011

Hemen da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Ordu gutxi geratzen dira euskal kulturgintzaren topaleku den azokak ateak zabaltzeko, eta euskal musikariak eta idazleak beraien nobedadeak aurkezteko zain daude.

Ostegunetik igandera egingo da Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren 47. edizioa eta, ohi bezala, Landako Erakustazoka editorialen, banatzaileen, diskoetxeen, erakundeen zein kultur eragileen txoko bihurtuko da.

Gainera, Ahotseneak eta Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak, besteak beste, musika taldeen emanaldiak hartuko dituzte aipatutako lau egunetan zehar.

Musikari dagokionez, hainbat talderen lan berriak estreinatuko dira.

Baga-Biga

Biga-Biga diskoetxea da nobedade gehien aurkeztuko dituena. Dagoeneko kalean da Bizardunak talde nafarraren Ur ederra kirats infinituan proiektuak, baita Gatiburen lan berria ere.

Horrez gain dendetan da Vendettaren hirugarren lana. Fuimos, somos, seremos diskoan ska doinuak izango dira nagusi.

Estankonak bakarkako bigarren lana atera du eta Sarkor talde gernikarrak punk-rock melodikoa landu du bere hirugarren diskoan. Amaitzeko, Seiurtek Atlantida diskoa aurkeztu berri du.

Elkar

Elkar diskoetxearen eskutik, Xabi San Sebastian Band taldeak Erraiak diskoa aurkeztu du. Bestalde, Betagarrik urriaren 24an argitaratu zuen Zorion Argiak diskoa. Guztira 23 kantu bildu ditu lan honetan, taldearen 20. urteurrena ospatzeko.

Gozategiren 1992-2012 All Stars bilduma eta Ze Esatek! taldearen Gu gara Ze Esatek! zuzeneko lana dira Elkarren beste nobedadeak.

Gor

Leihotikan taldeak ekainean kaleratu zuen Harold lana, baina, Gor zigilua Ze Maysen Zea Mays eta Elektrizitatea diskoen berrargitalpenekin helduko da Durangoko Azokara.

Gaztelupeko Hotsak

Capsula The Rise and Fall of Ziggy Stardust and the Spiders from Mars proiektu berriarekin itzuli da, eta estudioko beste hiru diskoak (Sublime, Yudoka eta Capsula) ere berrargitaratu dituzte.

Bidehuts

Willis Drummonden A eta B laugarren lanak rocka du oinarri eta Joseba Irazokik Oso banda proiektua plazaratu du Bidehutsekin.

Talka

Zuloak hirukotearen lana Talka diskoetxearen eskutik iritsi da.

Bonberenea

Bonbereneak babestuta ere hainbat disko kalerratu dira 2012an: Eraso, Glaukoma eta Anai arrebak taldeenak, adibidez.

Autoekoizpenak

Gose, Kerobia, UkBill eta Larregi taldeek autoekoizpenaren bidea aukeratu dute beraien diskoen grabaziorako.