Gaztea

Gaztea

Izaro, Zetak, ETS, Mafalda edo Acid Arab zuzenean ikusteko aukera, Gaztearen eskutik

EiTB

Martxoaren 20 eta 21ean, Mafaldak Iruñean; Acid Arabek Biarritzen; Izarok Donostian; Zetak taldeak Gasteizen eta ETSk Bilbon emango dituzten kontzertuetara joateko gonbidapenak banatuko ditugu.

0:29
Gaztearen 30. urteurrena

Martxoaren 21ean Gazteak 30 urte beteko dituenez, ospakizuna oso berezia izango da. "Asteburuan musika gure kontu!" esan nahi diegu irratiaren, sare sozialen edo webgunearen bidez jarraitzen gaituzten guztiei. Hartara, martxoaren 20an eta 21ean  izango diren hainbat kontzertutara joateko gonbidapenak banatuko ditugu.

Iruña Rock jaialdian, Mafaldaren kontzertua izango da martxoaren 20an Navarra Arenan; Biarritzeko Atabal aretoan, berriz, Acid Arab taldearena. Martxoaren 21ean, Donostiako Kursaalen Izaro arituko da, Gasteizko Jimmy Jazzen Zetak eta Bilboko Stage Live aretoan En Tol Sarmiento. Emanaldi horien guztien babesle da Gaztea, eta zuzeneko musikarekin urtemuga ospatzea bururatu zaigu. Gonbidapenak eskuratzeko jarraibide eta informazio guztia Gaztearen webgunean jarriko dugu laster.

Gure kontu da urteurreneko leloa. "Aurten musika, festa, kontzertuak… dena gure kontu izango da, 30 urte ez baitira egunero betetzen", diote irratian, eta horixe da, hain zuzen ere, Gaztearen asmoa: urtean zehar antolatuko dituen ekitaldietara Gaztearen zaleak gonbidatzea.

Dagoeneko irratiko programazioan abian jarri dituzte hainbat saio berezi urtemugaren karietara: 2010-2020ko hamarkadei buruzko podcasta esaterako. Halaber, Inauterietan ekin dio Gaztea Errepidean ekimenak denboraldiari, eta arrakasta handia lortu du Gasteiz, Donostia eta Tolosa musikaz betez. Gazteako kamioi ibiltaria Euskal Herrian barrena ibiliko da aurten, musika jarriz.

Martxan dago, halaber, Maketa Lehiaketaren 29. edizioa Euskal Herriko talde eta bakarlari onenen bila.