Gaztea

Elkarrizketa

“Orain arte galdetu ez dizkiguten gaiei buruz hitz egiteko aukera izango dugu 'Yoko Ona'n”

Berezi Fernandez | EITB Media

Ainhoa Vitoria, Lore Nekane Billelabeitia eta Olatz Salvador “Yoko Ona” bideopodcastean ikusiko dugunaz aritu dira. Irailaren 17an estreinatuko da, Gaztearen YouTubeko kanalean eta eitb.eus-en.

  • Lore Nekane Billelabeitia, Ainhoa Vitoria eta Olatz Salvador

    Lore Nekane Billelabeitia, Ainhoa Vitoria eta Olatz Salvador. Argazkia: Gaztea

Gogotsu eta bidea urratzeak eragiten duten urduritasun puntu horrekin ekin diote Ainhoa Vitoriak, Lore Nekane Billelabeitiak eta Olatz Salvadorrek "Yoko Ona" bideopodcastari. Bi musikariek orain arteko elkarrizketetan galdetu ez dizkieten gaiei buruz hitz egiteko aukera gisa planteatu dute proiektu berria; emakume musikarien figura zaleei hurbiltzeko erakusleiho gisa, berriz, irrati-esatari eta podcastaren gidariak. Hala, euren ibilbide profesionalean bizitakoaz, erreferenteez, musika-talde baten egunerokoaz, norbere anekdota pertsonalez eta umorez jositako saioa eskainiko dute, astero, Gaztearen eskutik.

Irailaren 17tik aurrera, ordu erdiko atal bat eskainiko dute EITB Podkasten ostegunetan eta Gaztearen YouTubeko kanalean ostiraletan. Gaika banatuko dituzte atalok, eta, hasieran, inspirazioa, beldurra edota komunikabideak izango dituzte mintzagai, besteak beste.

Azken urteotan hamaika elkarrizketa egindakoak diren arren, oraindik ez dira ohitu bi musikariak. Hala ere, grabatutako lehen ataletan eroso sentitu dira: "Gure anekdotak kontatzeko aukera izaten ari gara. Ainhoak gidari-lanak egiten ditu, gidoi antzeko bati jarraitzen diogu, baina badago inprobisaziorako tarterik. Atal bakoitzean, gaiari lotutako bizipenak kontatuko ditugu. Berba asko egiten dut, eta urduritasunarekin gauza gehiegi kontatzeko beldur nintzen; baina ez da horrela izaten ari, oso arin pasatu zaizkigu orain arteko grabaketak", azaldu du Belako taldeko baxu-jotzaileak.

"Gure anekdotak kontatzeko aukera izaten ari gara. Ainhoak gidari-lanak egiten ditu, gidoi antzeko bati jarraitzen diogu, baina badago inprobisaziorako tarterik"

Musikari modu estuan lotuta dauden hiru emakume feminista diren heinean, eta feminismoari propio eskainitako atalik egingo ez duten arren, hiru protagonisten ikuspegi feminista nabaria izango da Yoko Onoren bi argazkirekin apaindutako set xumean entzungo ditugun elkarrizketetan. Bada, Olatz Salvadorrek azaldu bezala, "ez dugu aldiro feminismoari buruz hitz egingo, baina gure anekdotetan modu transbertsalean agertuko den gaia izango da".

Horrela, komunikabideei eskainitako atalean kasu, emakume musikari gisa jasandako jarrera matxistez aise aritzeko aukera izango dute. Kasu horietan, jokabideok modu publikoan "aipatzeko edo ez aipatzeko dilema" izan du hizpide Salvadorrek: "Aipatuz gero, protagonismoa ematen diezu, baina pasatzea ere gogorra egiten zait askotan".

Gaiaz eztabaidatu ostean, baina, bat egin dute bideopodcasteko kideek: dudarik gabe, jarrera matxistak agerian uzteko leku aproposa izango da bideopodcasta, sarritan "identifikatzen ez ditugun gauzak" azpimarratu eta jokabide horiek aldera batera uzten hasteko balio dezakeelako.

Ikus-entzuleek egingo dioten harreraz galdetuta, hurbiltasuna transmititu nahiko luketela diote Lore Nekanek eta Ainhoak. Olatzi, ostera, gustatuko litzaioke pantailaren beste aldean daudenek honakoa pentsatzea: "Joango nintzake beraiekin kaña bat hartzera".

"Yoko Ona"ren lehen denboraldia abendura arte izango da ikusgai, ostiralero, YouTuben eta eitb.eus-en.