12:16

Gaztea

Jaialdiak

Primavera Sound 2023: PinkPantheress, Polachek, Måneskin eta Rosaliaren itzulera

B. F. | EITB Media

Asteburu honetan izan da Primavera Soundeko lehen asteburua, Bartzelonan, pandemia aurreko formatua berreskuratuta. Ostegunean hasi eta igandera bitarte, sareak jaialdiko irudiekin bete dira.

  • Rosalía, Primavera Sounden

    Rosalía, Primavera Sounden. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • telegram
  • Bidali

Segurtasun neurri berezirik gabe eta ohiko formatuan itzuli da Primavera Sound (PS) jaialdia, Bartzelonako Parc del Fòrumera.

PinkPantheress, Caroline Pochek, Måneskin, Rosalía, Blur, Depeche Mode, Halsey, Pet Shop Boys, Calvin Harris, Kendrick Lamar, FKA twigs, ST. Vincent eta nazioarteko beste hamaika artistaren zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan da jaialdiaren lehen asteburuan (bigarrena datorren aste bukaeran egingo dute, Madrilen).

Iazko edizioko jende pilaketak ekiditeko neurriak tarteko, giro lasaiagoa sumatu dute aurten bertaratu direnek. Antolatzaileen neurketen arabera, eguneko 65.000 pertsona inguru bildu ditu festibalak.

Jende gutxiago bai, baina, urtero legez, irudi, bideo eta meme gogoangarriak utzi ditu jaialdi ospetsuak.

Publikoa, Primavera Sounden. Argazkia: EFE

Publikoa, Primavera Sounden. Argazkia: EFE

PinkPantheress, sareetatik oholtzara

PinkPantheress britainiar artista gaztearen zuzenekoa izan da asteburuko une berezietako bat. "Boy's a Liar" eta "Pain" arrakasten egilea TikTok bitartez egin da ezaguna urtebetean, eta asteburu honetan artista desbirtualizatzeko aukera izan dute zaleek. PinkPantheressek publikoa dantzan jartzea lortu du, baina kontzertuaren iraupenaren inguruko kritikak jaso ditu, ordu erdi iraun baitzuen.

Blurren klasikoak

Parc del Fòrumen egondako komunikabide espezializatuen arabera, Blur taldearen showa izan zen osteguneko zuzenekorik azpimarragarriena. 35 urteko ibilbidean, banda britainiarraren joan-etorrien lekuko izan zen publikoa, urte hauetan guztietan kaleratutako abestien errepasoa egin baitzuten.

Hip-hopa, letra larriz

Hip-hopak ere izan du bere urrezko unea, ostiralean, Kendrick Lamarren zuzenekoarekin. Kaliforniar artistak lepo bete zuen Primavera Soundeko oholtza nagusia, Mr. Morale & The Big Steppers diskoaren lehen urteurrenean. Rap musikariaren karismak ikusleen zein musika adituen belarriak, begiak eta bihotzak konkistatu ditu.

Damianoren ikuskizuna

Espero zitekeen moduan, Måneskinen kontzertuak ez zuen inor epel utzi. Italiarrek show frenetikoa eskaini zuten, Damiano frontmanaren ohiko jarrera zirikatzailea tarteko; izan ere, lehen ilaretako zaleengana gerturatzeaz gain, gaztelaniarekin eta crowdsurfingarekin (jendartea surfeatzea) ere animatu zen taldeko abeslaria.

Caroline Polachek

Nazioarteko zerrendak astinduta, begi asko zeuden Caroline Polachek estatubatuar artistaren gainean. Eta ez zuen hutsik egin. Estrella Damm oholtzara igota, "Welcome to My Island" eta "Bunny Is a Rider" kantekin hasi zuen zuzenekoa, koreografia ikusgarriz lagunduta, publikoa hipnosi moduko batean sartzea lortu arte.

Rosaliaren itzulera

Polacheken atzetik, gaueko protagonista: Rosalía. 2019an, El Mal Querer diskoa aurkeztu zuen oholtza berean, baina kartelburu bihurtuta, kataluniar artistak Motomami diskoko hit guztiak eskaini zituen, goizaldeko ordu bietan, jende ozeano baten aurrean.

Abesti batetik besterako tartean, ohiko legez, publikoarekin hartu-emana izan zuen Rosaliak (katalanez, batik bat). Arazo teknikoren bat izanagatik ere, artistak bere egin zuen gaua, zortzi dantzariz lagundutako koreografia ikusgarriei eta zuzeneko ahots hunkigarriari esker.

Iruzkinak

  • Irratia zuzenean