Gaztea

Jaialdiak

EHZk Irisarri hartuko du azkenengoz, dagokion gisako agurrarekin

N. V. / B. F. | EITB Media

Jaialdiaren hogeita zazpigarren edizioa ostiralean hasi eta igandean bukatuko da, eta azkena izango da Nafarroa Behereko herrian. Kartelean, Gatibu, Soulfly, Belako, Habia, Willis Drummond, ZETAK…

  • Belako

    Belako. Argazkia: Lide Billelabeitia

Punka, rapa, rocka, metala, musika tradizionala, perkusioa, popa, cumbia, soula, elektro popa, hardcorea… Genero guztiek izango dute kabida EHZ festibalaren hogeita zazpigarren edizioan, ekainaren 30ean hasi eta uztailaren 2ra arte, Irisarrin.

Aurtengoa edizio berezia izango da, bertan egingo den azkena baita. 2019an iritsi zen estreinakoz EHZ Irisarrira, aurretik Arrosa, Idauze-Mendi, Heleta eta Lekornetik igarota.

500 boluntariotik gorako lantaldearekin, musika, hitzaldi eta beste hainbat ekitaldirekin josiko dute asteburua, ostiraletik hasita.

Denontzako musika

Habia taldeko hiru kideek irekiko dute aurtengo edizioa, 18:00etan, Irisarriko plazan. Gero, Muare, Liher, J Martina, Mandarine, Kuma No Motor, Willis Drummond, François del Mundo, Belako, Akts eta MadMadMad taldeek borobilduko dute eguna.

Bigarren egunean, hainbat ekimen izango dira herriko erdigunean: bertso poteoa, antzerkia eta plazako kontzertuak (MICE, adibidez). 16:30etik aurrera, Baigura eta Basaburu oholtzek Dia! DJs, Ixabe, Mars Red Sky, Arima, Billie Brelok, Nize, Gatibu, Aho Zakil Konekxion, Zetak, Ztah, Krav Boca, Dia! DJs eta Vapa hartuko dituzte.

Azkeneko egunean, atsedena hartzeko aitzakia gutxi. Bada, Txaranga Jaiak, Afrika Bibang, Daudane, Sofa, Kolinga, Pisoo Oph, Kristonak, Estelle D., Soulfly eta FM Belfasten musikak itxiko du aurtengo edizioa.