Gaztea

Estreinaldiak

Itzuli da “Benetan Zabiz?”, betiko formatuan baina berrikuntzaz josita

B. F. | EITB Media

Malen Altuna eta Aitziber Gradosekin egon gara, podkastaren bigarren denboraldian entzun eta ikusiko duguna hizpide.

  • Malen Altuna eta Aitziber Grados

    Malen Altuna eta Aitziber Grados

Irailaren 22an estreinatu da "Benetan Zabiz?" podkastaren bigarren denboraldia, EiTB Podkasten eta Gaztean.

Malen Altunak eta Aitziber Gradosek aurkeztuta, saioko gonbidatu bat ekarriko dute; eta umorea, sekretuak eta elkarrizketatuaren anekdota bitxirik ez da faltako.

Podkasteko kideek aurreratu digutenez, iazko tarteak (Arrosali, ezkutuko deia eta kutxako galdera) mantenduko dituzten arren, berriak ere gehituko dituzte aurtengo denboraldian.

Eta ez da nobedade bakarra izango. Bada, set berri batean aurkituko ditugu Aitziber eta Malen. Gainera, saioaren sare sozialetan (Instagram eta TikTok) eduki esklusiboak eskainiko dituzte, Oihane Alonso sare sozialetako arduradunaren eskutik.

Lehenengo denboraldiaren arrakasta

2022ko irailean ezagutu genuen "Benetan Zabiz?". Ordutik, Aitziber Garmendia, Zuriñe Hidalgo, Albina Stardust eta Iban Garcia ikusi ditugu saioaren mahaiaren bueltan, beste hainbat gonbidaturen artean.

Saioak izandako harreraz galdetuta, "zoragarria" izan dela diote bi kazetariek. "Beti esaten dugu eta berriro esango dugu, oso-oso eskertuta gaude. Proiektu berezia izan da guretzako, Gaztean hasi baikinen hirurok" (Aitziber, Malen eta Oihane), azaldu dute.

"Oraindik ezin dugu sinetsi "Benetan Zabiz?"ek hartutako dimentsioa, itsu-itsuan hasi ginen proiektu honekin eta konfiantza handia jarri zuten gugan. Egia esan, hasiera batean ez genuen ezer espero, gure helburua beti izan da lana txukun eta ahalik eta ondoen egitea", erantsi dute.

Eskertuta soilik ez eta hunkituta ere badaude podkastak jasotako epeltasunarekin: "Jendeak guk egindako hori entzun eta komentatzea fantasia hutsa da, are gehiago kaletik ikusten gaituztenean esatea".

Plazer handiena eman diena? Jendeak "Benetan Zabiz?" euskara ikasteko entzuten duela jakitea eta saioan esandakoak entzuleen hausnarketa pertsonalerako balio izatea: "A zelako poza ematen digun hain gustura egiten dugun honek zerbaitetarako balio izatea, besterik ez bada, norbaiti eguna pixka bat hobea egiteko bada ere".

Iazko legez, saioa EiTB Podkasten izango da entzungai, ostiralero; baita Spotify, Apple Podcast eta iVooxen.

Bestela, Gaztean ere izango dugu "Benetan Zabiz?" entzuteko aukera, igandero, 15:00etatik 17:00etara.