Gaztea

Greba orokorra

A30: zertaz ari garen zaintzaz ari garenean

Berezi Fernandez | EITB Media

Azaroaren 30ean, historiako lehen greba orokor feministara daude deituta euskal herritarrak. Zaintza sistema duin, kolektibo eta unibertsala eskatuko dute kaleetara aterako direnek.

  • Denon Bizitzak Erdigunean

    Denon Bizitzak Erdigunean

2020ko martxoan hasi ginen zaintza hitza gure eguneroko elkarrizketetan txertatzen. Mundu mailako pandemia tarteko, haurrak, helduak, familiak, gaixoak, zaintzaileak eta zainduak etxean gelditu behar izan ziren. Geure errealitateari parez pare begiratu behar izan genion, osasun alarmak gizartearen miseriak agerian uzten zituen bitartean.

Administrazioak eta osasun sistema publikoak gainezka egin zutenean sortu ziren auzotarren sareak, beharra zuten horiei laguntza eskaintzeko. Testuinguru honetan sortu zen Bizitzak Erdigunean Euskal Herriko Koordinakunde Feminista, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin batera azaroaren 30eko greba (A30) deitu duen plataforma.

Zaintza: publikoa, komunitarioa eta kolektiboa

Itxialdian zehar WhatsApp taldeetan eta eraikinetako patioetan leihotik leihora sortutako sare indartsuek bazuten A30ean eskatuko denaren espiritua.

Zaintza, bizitzan zehar denok behar dugun elementua den aldetik, guztion artean pentsatu, antolatu eta aurrera eraman beharreko lana dela ikusi genuen pandemia garaian. Norberaren zein bizilagunaren kezka eta beharretatik abiatuta, komunitatea osatuz, denontzat bizigarriak ziren txokoak sortzen saiatu ginen.

Atera ginen kalera eta berreskuratu genituen gure bizitzak, baina, hiru urte geroago, arazoaren muinak bere horretan dirau. Denon Bizitzak Erdiguneanen programan azaldu dutenez, zaintza bizimodu duina ahalbidetzeko oinarria da, ez da unean uneko zerbait, "bizitzako une eta eremu guztietan da beharrezkoa".  

Hemendik aurrera datorrena kolektiboki pentsatzeko beharra agerikoa den arren, mugimendu feministak argi utzi du instituzioen babesa ezinbestekoa izango dela. Zaintza eskubide unibertsal gisa ulertuz gero, instituzioek finantzaketa eta kalitatea bermatu beharko lituzkete, guztion bizitzak kontuan izango dituen sistema publikoa indartuz.

Nerea San Miguel medikua da, eta azaroaren 30ean grebarekin bat egingo du, "zaintzak erdigunean jartzen dituen euskal sistema publiko bat" aldarrikatzeko: "Osasun langile bezala, gero eta zaharkituago dagoen populazio baten aurrean gaudela ikusten dugu egunero. Gaixotasun ugari kronifikatzea lortu da. Baina honek, aldi berean,  mendekotasuna haztea eragin du, zaintza egokia bermatzea gero eta konplexuago bihurtuz".

Osasunaren pribatizazioari dagokionez, nahitaezko jo du noranzko aldaketa: "Zaintza eskubideak unibertsalak izateari utzi eta sektore pribatuaren eskuetan uzten dugunean, bermatua ez izateko joera dagoela iruditzen zait. Hau bereziki azaleratu zen koronabirusaren krisi garaian, pribatuak edo azpikontratatuak ziren zaharren egoitzetan egin zen kudeaketan: langile eskasiak eta material faltak eragin zuzena izan zuen paziente askoren osasun egoera okertzean, eta noski, honek sektore publikoko langileentzat lan gainkarga bat suposatu zuen".

Emakumeak, bizitzaren pisuari eusten

Itxi begiak eta pentsatu zer datorkizun burura zaintza hitza entzutean. Erizain bat, haurtzaindegiko langile bat, adinekoen egoitza bateko behargin bat, garbitzaile bat, lagun bat, ama bat. Otu zaizkigun zaintzailearen figurak emakume itxura izatea ez da kasualitatea.

Feminismoek aspaldidanik errepikatutako ideia hau izango da osteguneko aldarrien protagonista nagusietakoa: emakumeak dira bizitzaren pisuari eusten diotenak.

"Defendatzen dugu emakumeek ez ditzatela gehiago beren bizitzak inmolatu zaintzeko betebeharraren izenean, eta, bidez batez, salatzen dugu ez zaintzea pribilegio bat dela"

Horrela azaldu dute Denon Bizitzak Erdigunean plataformako ordezkariek: "Emakumeak* gara bizitzari eusten diogunak, eta oso modu desparekatuan egiten dugu, esplotazio (eta prekarizazio) baldintzetan. Horren aurrean, pribilegio tokietatik (botere politiko eta ekonomikoak, erakunde publikoak, enpresak, gizon izatea, zuri izatea…) zaintzaren erantzukizunari uko egiten zaio sistematikoki".

"Aldi berean, defendatzen dugu emakumeek ez ditzatela gehiago beren bizitzak inmolatu zaintzeko betebeharraren izenean, eta, bidez batez, salatzen dugu gaur egun ez zaintzea pribilegio bat dela", nabarmendu dute plataformako kideek.

Arazo honi aurre egiteko, bi gako: erantzunkidetasuna (gizonek eta emakume pribilegiatuek euren pribilegioei uko egin eta zaintzaren ardura euren gain hartzea, hezkuntza sisteman txertatzea, zaintza familia nuklearren mugetatik kanpo kokatzea…) eta zaintza duina aurrera eramateko baliabideak (denbora, kontziliazioa, lan baldintza egokiak…).

Etxeko langileak eta XXI. mendeko esklabutza

Etxean zein etxetik kanpo, besteen osasun fisiko zein emozionalaz arduratzen dira emakumeak. Mendekotasunen bat duten pertsonen zaintzan, bereziki larria da langileen egoera. Etxeko beharginen kasuan, datuak argigarriak dira: % 95 emakume migratzaile arrazializatuak dira.

Etxeko langileen egungo erregimenek gehiago dute esklabutza garaikidetik ordainpeko ofiziotik baino. Horrela salatu dute grebarekin bat egin duten etxeko langileen hainbat elkartek, aipatutako erregimen itogarria tarteko greba egiteko eskubiderik izango ez duten kideak daudela azpimarratuta.

"Emakume hauek bizi duten egoera oso prekarioa da. Zapalkuntzaz ari garenean, ez gara ari bakarrik lanaldi luzeez eta soldata baxuez, langileen eta gizabanakoen oinarrizko eskubideen urraketaz baizik"

Mariana Urcuyo nikaraguarra Trabajadoras No Domesticadas elkarteko kidea eta zaintzaren alorreko behargina da. Grebarekin bat egingo du, etxeko langileen baldintza ankerrak salatzeko: "Emakume hauek bizi duten egoera oso prekarioa da. Zapalkuntzaz ari garenean, ez gara ari bakarrik lanaldi luzeez eta soldata baxuez, langileen eta gizabanakoen oinarrizko eskubideen urraketaz baizik".

Trabajadoras No Domesticadaseko kideen eskaera nagusia argia da: etxeko langileen erregimena desagertzea eta euren eskubideak bermatuko dituen hitzarmen kolektiboa ezartzea. Urcuyoren hitzetan, egungo erregimenak langileen eskubideak zapaltzen ditu, zaintzaileen bizitzen eta gorputzen kontura. "Kasu gehienetan, esplotazioaz eta esklabutzaz ari gara, edozein pertsonaren oinarrizko giza eskubideen urraketaz", erantsi du elkarrizketatuak.

Lanak etxeko beharginen osasunean dituen ondorioez gain, emakume hauek pairatzen duten isolamendua azpimarratu du: "Gizartetik kanpo daude, isolatuta bizi dira. Ez dute aukerarik harreman sozialik eraikitzeko, ezta lan esparrutik kanpoko espazioetan bizitzeko ere. Lan erregimenak testuinguru sozialetik deskonektatuta bizitzera behartzen ditu".

Bukatzeko, langile horien eskubideak aitortzen hasteko, Atzerritasun Legea deusestatzeko galdegingo dute zaintza langileek ostegun honetan. "Lege horrek esklabu bihurtzen gaitu, hiru urtez (migratzaileek euren egoera administratiboa erregulatzeko behar duten gutxieneko denbora) ezkutuko ekonomian lan egitera behartuz", salatu du Urcuyok.