Gaztea

Literatura

Gazteako esatarien liburu kutunak, Sant Jordi egunez

B. F. | EITB Media

Apirilaren 23an, liburu eta arrosaz jantzi dugu erredakzioa. Irakurketa bila bazabiltza ez galdu Gazteako kideek gomendioak.

  • Gazteako esatarien liburu kutunak, Sant Jordi egunez

    Gazteako esatarien liburu kutunak, Sant Jordi egunez

Katalunian, maite duzun jendeari liburuak eta arrosak oparitzeko eguna da apirilaren 23a, Liburuaren Eguna. Guk ere bat egin dugu Sant Jordi eguneko ohiturarekin eta gustuko liburuen bilduma osatu dugu erredakzioan.

El arte de la buena vida

William B. Irvine idazleak estoizismoaren filosofian murgiltzen gaitu liburu honetan. Ainhoa Arroitajauregiren proposamena da El arte de la buena vida, disfrutatzeko aukeraz gain, hausnartzeko tartea ere eskaini baitio.

Las ocho montañas

Paolo Cognettiren eleberria aukeratu du Joseba Sacristanek. Italiar Alpeetan kokatuta, Bruno (mendian bizi den gizona) eta Pietroren (hirian bizi den laguna) arteko harremana da istorioaren oinarria. Naturaren handitasunak eta honekin lotutako kontakizunek erakartzen baitzaituzte, dudarik gabe irakurri beharreko liburua dela dio Sacristanek.

Todo lo que sé sobre el amor

Dolly Aldertonen fenomenoa gomendatu digu Jon Fernandezek. Eroa, dibertigarria eta zirraragarria da protagonistaren bizipenak kontatzen dituen nobela. Nerabezaroan eta gaztaroan mutilekin izandako harremanak eta maitasunaren inguruan aldatuz joan den ikuskera erakusten digu kazetari gazteak. Tartean, zerrendak, errezetak eta bestelako bitxikeriak aurki daitezke.

Bravo

Xavi Dauraren lana aukeratu du Antton Telleriak. Itxialdia nabarmen arindu zion kataluniar umoregilearen nobela "oso espainiarrak".

Umorea eta hiperbolea erabiltzen ditu idazleak, Rafael Bravo espainiar selekzioko hautatzailearen istorioa kontatzeko.

Vuelve a amar tu caos y el roce de vicir

Albert Espinosaren azken liburua da Sara Alonsok azkenaldian gehien gozatu duen liburua. Eleberrian, besteengandik ezberdintzen gaituen hori besarkatzeko dei egiten du egileak. Enpatia handia sentitu du Sarak, eta negarra eragin dion liburu bakarra dela aitortu digu.

Yo, adicto

2009ko urtarrilaren 2an ingresatu zuten Javier Giner desintoxikazio klika batean, berak hala eskatuta. Droga menpekotasunarekin izan duen harremana kontatzen du Ginerrek, lehen pertsonan. Idazteko modu zintzo, gordin eta zuzenak Ainhoa Vitoria erabat harrapatzea lortu du.

Un Lugar para Mungo

"Gogorra baina polita". Douglas Stuarten eleberriak ez dagokion leku eta familia batean hazi eta hezi den gazte baten bizitza kontatzen du. Ibon Fernandezek protagonista zaintzeko beharra sentitu du, ingurukoentzat ulertezina den istorio ederra baitu barnean.

Subcampeón

Zuhatz Gurrutxaga eta Ander Izagirreren lana da Julen Telleriaren liburu kutuna. 2000ko hamarkadako Realeko jarraitzaile eta TOC txikiak dituen pertsona gisa, identifikatuta sentitu da esataria. "Pasioz eta umorez" irakurri du liburua.

Falos y Falacias

Adriana Royo terapeuta eta sexologoaren saiakerak harreman afektiboak eta sexualitatea ditu aztergai. "Eztabaidaezina den eta ondo argudiatuta dagoen logika arrazionaletik" abiatuta, ohikoa den manikeismotik aldentzen gaitu Royok, azken aldian puri-purian dauden eguneraketa sexu-afektiboei begiratzeko ikuspuntu berri bat emanez. Julen Idigorasentzat "beharrezko gamechanger" bat da liburua.

Miñan

Zergatik irakurri behar da Miñan? Hona Andrea Aranbururen erantzuna: "Aita Santuak ere gomendatu zuelako. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez, Ibrahima Balderen historia, Miñan liburutik. Amen".

La princesa de hielo

Camilla Läckbergen obra aukeratu du Alain Perezek, nordic noir generoaren zale sutsu gisa. Lehenengo momentutik harrapatu zuen liburuak, eta atzetik datozen sagako beste 11 liburuak ere irakurri ditu.