X-b aldea-X

X-b aldea-X

B Aldea

Elkarrizketa

Belako: “Beti izan dugu gure musika berdefinitzeko aukera eta horretan saiatu gara beti”

B. F. | Gaztea

'Sigo Regando' diskoa aurkeztu digute Lore Nekane eta Josu Ximun Billelabeitiak, "B Aldea"n. Gainera, Neguko biraren inguruko esklusiba eman digute.

  • Belako

    Belako. Argazkia: @belakoo

    23:57 min
imagen player
imagen player
imagen player

Belako taldeko Lore Nekane eta Josu Ximun Billelabeitiak Sigo Regando diskoa aurkeztu digute "B Aldea"n.

Asmatu dute, hamabi urteko ibilbidean, euren lorategia ureztatzen. Norbere lursail propioa behar bezala zaintzen ikasi dute urte hauetan; intuizioz, esperimentatzeko gogoz eta inguruko zaratarekin obsesionatu gabe. Eta hortik sortu da Sigo Regando, bizkaitar bandaren bosgarren diskoa.

"Publikatutako disko guztietan saiatu gara gure bertsio berri onena ateratzen", azaldu du Josu Ximunek. Saiatu eta lortu, hasierek ematen duten beldurraz ahaztuta, eta emaitzarekin ase eta pozik daude taldekideak.

Ilusioak eta grinek ere tinko jarraitzen dute, lehenengo diskoarekin bezala, baina urteek ematen duten lasaitasunarekin.

8:52

Jolasteko, gauza berriak probatzeko eta aterik itxi gabe ibiltzeko parada izan dute disko berriaren sorkuntzan, taldearen izaera ilun eta zuzeneko indartsuei eutsiz. "Belako aldatzen doa mundua ere aldatzen ari delako, gu hazten goazelako… Baina, funtsean, gu izaten jarraitzen dugu", kontatu digu Lore Nekanek.

Gaztelaniaz abestu dute estreinakoz "Sangre Total" abestian. Berrikuntzaz galdetuta, erabat baztertu dute erdal hiztunengana heltzeko helburua. "Abesti arraroa da, deserosoa, ez da hit bat", dio Josu Ximunek. Are gehiago, "Belako estiloan" egindako hautua kontzientea dela azaldu dute: hiztun asko dituen hizkuntza baina entzuteko zaila den abestia.

Zuzenekoez galdetuta, esklusiba eman digute Belakoko kideek. Datorren neguan euren formatu kuttunean arituko dira: areto txiki eta gaztetxeetan, publikoarengandik hurbil.