X-b aldea-X

X-b aldea-X

B Aldea

Musika

Karne Kulture: klub musika, gau giroa eta autodefentsa feminista

B. F. | Gaztea

Gau giroan indarkeria matxista borrokatzeko protokoloa sortu duen DJ kolektiboa da Karne Kulture, Ainhoa Vitoriak azaldu digunez.

  • Karne Kulture

    Karne Kulture. Argazkia: Jorge Rico

    18:13 min
imagen player
imagen player
imagen player

Karne Kulture kolektiboa aurkeztu digu Ainhoa Vitoriak, "B Aldea"n. NAD1A, Orfigyal, Tina eta Mena G DJek sortu zuten taldea, Madrilen, 2019an.

Arte sorkuntza eta politika uztartzen dituzte Karne Kulturen. Izan ere, aretoak betetzen dituzten zuzeneko saioak egiteaz gain, gau giroko indarkeria matxistaren kontrako proiektu berritzailea abiatu dute.

Musika eskaintzari dagokionez, 'set' eklektikoez gozatzeko aukera izango dugu Karne Kulture kolektiboaren zuzenekoetan. Elektronika zurrunetik aldenduta, musika organikoa dute gustuko, baita karibetar jatorriko doinuak ere.

Aretoetan ez ezik, etxean ere aritzen dira DJak, Kasa Karne delako egitasmoan. Pandemia garaian ekin zioten proiektuari, euren etxetik, ofizioaren alderik intimoena erakusteko gogoz. Gerora, formatua hedatu eta gonbidatuak hartzen hasi ziren.

Proiektu politikoari dagokionez, gau giroa espazio seguru bilakatzeko protokoloa sortu dute. Kolektiboko kideek azaldu dutenez, "emakumeen, pertsona arrazializatuen eta LGTBI kolektiboaren kontrako biolentziarik gabeko espazioa sortzea" dute helburu.

Horretarako, gerora beste hainbat eremutara (klubak, tabernak, jaialdiak…) zabaldu den gida praktikoa sortu dute.

Zaintza protokoloan aurki daitezkeen ekintzen artean, bi nabarmendu ditu kolaboratzaileak: klubetako segurtasun langileak feminismoan heztea eta tabernatik etxera bueltatzeko alternatiba seguruak eskaintzea.