Itxi

Herriak eta Hiriak

Nafarroa

Etxe bateko bi solairu hustu dituzte Burlatan, teilatua behera etorri baita

Agentziak | Erredakzioa

Segurtasun arrazoiak direla-eta, eraikinaren goiko bi solairuak hustu dituzte, eta bizilagunak ezingo dira etxera itzuli, udal teknikariek egoera aztertu arte.

1:13

Burlatako (Nafarroa) Basilio Armendariz kaleko eraikin bateko bi solairu hustu dituzte, teilatuaren zati bat behera etorri ostean. Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, ez da inor zauritu.

Kaltetutako etxearen ondoan bizi den auzoko batek SOS Nafarroako 112 telefono zenbakira deitu du 22:22an, gertatutakoaren berri emateko.

Abisua jasotakoan, Iruñeko Trinitarios kaleko suhiltzaileen parkeko kideak bertaratu dira, eta lau solairu dituen eraikina miatu ostean, goiko bi solairuak husteko aholkua eman dute, segurtasun arrazoiak direla-eta.

Kaltetutako eraikin horretako bizilagunen esanetan, aurreko gauean teilatutik etor zitezkeen zaratak entzun zituzten. Nafarroako Gobernuaren arabera, bizilagunak ezingo dira etxera itzuli, udal teknikariek eraikinaren egoera aztertu arte.