telebista
Denboraldi berria
Sorpresak, emozioa eta abentura bikoitza astero, "El Conquistador del Caribe"ren 22. edizioan
EITB
Aurten, nobedade gisa, bi atal eskainiko dira astero: astelehenetan eta asteartetan. Reality show-en generoan erreferente den saiora itzuliko da Julian Iantzi, eta gidari lanak egingo ditu Patxi Alonsorekin eta Lur Errekondorekin batera Los Haitiseseko abenturan.
-
"El Conquistador" saioaren aurkezpena
Astelehen honetan (urtarrilak 12) hasiko da ETB2n "El Conquistador del Caribe"ren 22. edizioa. ETB2ko biziraupen abentura abian jartzeko, ohi denez, gala berezia egingo dute EITBren Miramongo egoitzatik, Patxi Alonsok eta Lur Errekondok aurkeztuta. Bertan izango dira realityan parte hartuko duten 31 ausartak, eta, lehen aldiz, lehiakideek zuzenean ezagutuko dute elkar, platoan, eta lehen kontaktua ez da kameraz kanpo izango, Kariberako aireportuan.
Emozioa, sorpresak eta azpijokoa izango dira nagusi reality show-en generoan erreferente den saioan. Gainera, aurkezle taldea indartuta dator: Julian Iantzi lesakarra abenturara itzuliko da eta gidari lanak egingo ditu Patxirekin eta Lurrekin batera. Muturreko proben eta momentu ahaztezinen lekuko izango dira Los Haitiseseko oihana eta paraje ikusgarriak beste behin.
Aurten abentura bikoitza dela aipatu da eta jada argitu da horren esanahia: denboraldi berri honetan bi atal eskainiko dira astero: astelehenetan eta asteartetan. Xehetasun guztiak argituko dute Patxik eta Lurrek gaurko gala berezian. Bertan ikusi dugu, halaber, taldeak nola antolatzen diren, lehiakideen eta senitartekoen arteko agurra, Kariberako bidea hartu baino lehen… Los Haitisesekin bat eginez, Julianek kokapenaren xehetasunak emango ditu eta abentura are zirraragarriago egingo duten proben ezaugarriak ere aurreratuko ditu. Bestalde, lehen kapitaina nor izango den argituko da.
Ehunka lagun aurkeztu ziren aurrez aurre zein bideo bidez egindako castingetara, eta horien artetik bi lehiakide ezagutzen ditugu jada: Aimar nafarra eta Nerea bizkaitarra. "Conquis"eko sare sozialeko jarraitzaileek eta Gazteako entzuleek aukeratu zituzten, hain zuzen ere. Gainontzeko parte hartzaileen aurkezpena galan bertan egingo da. Denetariko jendea egongo da: pilotariak, futbol atezainak, arraunlariak, abeslariak, Snow Rider-ean aritzen direnak, bikiak eta Peaky Blinder bat. Lehiakide bat errusiarra da eta hautagai argentinar bat ere ikusiko dugu Hego Amerika osoa zeharkatzen, abiapuntura garaiz iritsi nahian.
"El Conquistador del Caribe"ren lehen gala astelehenean izango da ikusgai, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Programaren atal guztiak noiznahi eta nonahi ikusteko aukera izango da ETB ON plataforman.


