Itxi

telebista

22:15ean

Kontxu Odriozolaren omenezko 'Zinez' saio berezia, gaur, ETB1en

A.A. | EiTB

Urteberri on amona! eta Hamaseigarrenean aidanez filmak eskainiko ditu Fermin Etxegoienek gidatuko duen tarteak.

0:22

Kontxu Odriozola aktore handia gogoratzeko asmoz, 'Zinez' saioak haren bi film eskainiko ditu gaur. Hasteko, 2011n Telmo Esnalen esanetara egin zuen Urteberri on amona! filma izango da ikusgai, eta, ondoren, 1985ean, Anjel Lertxundik zuzendutako Hamaseigarrenean aidanez lana.

Urte berri on amona! Telmo Esnal zuzendari gipuzkoarraren bigarren film luzea Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta Odriozolak zineman egin zuen azken lana da. Montserrat Carulla, Joxean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Pedro Otaegi eta Kontxu Odriozola bera ditu protagonista.

Komedia beltz honek Mari izeneko amona berezi samarra zaindu behar duen familiaren gatazkak azaltzen ditu. Maritxu eta Jose Mari adin ertaineko bikotearekin bizi da Mari. Honek alabaren arreta osoa bereganatzen du, eta Joxemari senarrak zaharren egoitza batean sartzea erabaki du. Baina Maritxu konturatu gabe egin nahiko du hori, bere alaba eta bere suhiaren laguntzarekin. Hasiera batean lana erraza dirudien arren, amonaren izaera dela eta, ustekabeko ondorioak ekarriko dituen lehia bihurtuko da.

Kontxuk egindako lehendabiziko filma, berriz, Hamaseigarrenean aidanez (1985) izan zen. Bertan, Felipe Barandiaran, Mikel Garmendia, Esther Remiro eta Pilar Lerma aktoreekin batera aritu zen.

Lan horretan, Martzelinaren papera egin zuen Kontxuk, Domingo izeneko apustu-artekari baten emaztearena. Senarraren joko zaletasunarekin lotutako istorioa kontatu zuen Anjel Lertxundik, eleberri batean lehendabizi eta zineman ondoren.

Ez galdu "Zinez", astelehenean, 22:15ean, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista