telebista
Aste honetan
Zubien eraikuntzari erreparatuko diote, aste honetan, 'Teknopolis'en
A.E.|EiTB
Erresonantziaren fenomenoaz ere arituko dira.
Zubien eraikuntzekin lotutako erreportajeak izango ditugu ikusgai aste honetan Iñaki Leturiak aurkezten duen 'Teknopolis' saioan. Hasteko, Bilboko zubietara egin dute bisita egituren ezaugarriak ezagutu asmoz. San Antonen hasiko dute bisita eta Bilboko zubiak ikusi ondoren, Portugaleten dagoen Bizkaiko zubian bukatuko dute. Ibilbidean, Euskalduna eta Salbeko zubietan ere izango dira, eta han ikasiko dute konpresio eta flexioaren arteko orekak eusten dituela zubiak zutik.
Ulma Construction-en lana ere hurbiletik ezagutuko dute. Eraikinak egiteko bitartekari arkitekto, ingeniari eta enpresa eraikitzaileek paperean diseinatzen dutena ondoren nola eraiki pentsatu behar da, eta lan horretan aritzen dira Ulma Construction enpresan. Mota guztietako eraikinak egiteko bitartekoak eskaintzen dituzte, eta mundu osoan egiten dute lan eraikuntza erraldoiak altxatzen: biaduktuak, presak, etxe orratzak, estadioak. Beraiengana jo dute zubi erraldoiak nola egiten dituzten jakiteko. Izan ere, Europako zubi handienetako bat eraikitzeko prozesuan parte hartu dute beraiek, Cadizeko badia gurutzatzen duen zubi berrian alegia.
Azkenik, erresonantziaren fenomenoa azalduko du 'Teknopolis'ek. Opera abeslari baten ahotsak kristal kopa bat hautsi dezakeela esan zaigu. Ahotsak, ordea, ez du kristala hausten, erresonantziaren ondorioz apurtzen da. Pelikulek ezagun egin zuten fenomeno fisikoa da erresonantzia, eta aste honetako saioan fenomenoa ulertzeko bidean izango da.
'Teknopolis' larunbatean dago ikusgai, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 09:30ean, ETB2n.

