Itxi

telebista

Zinema euskaraz

'Arriya' filma, gaur, ETB1en

Tradizioak harrapatuta bizi diren hiru gazte maiteminduren istorioa kontatzen du Alberto J. Gorritibereak zuzendutako filmak. Iban Garate, Begoña Maestre eta Sara Casasnovas ditu protagonista.

0:21
Arriya, ETB1en.

Gaur gauean, Euskal Telebistaren lehen kateak Arriya filma eskainiko du 22:30etik aurrera. Tradizioak harrapatuta bizi diren hiru gazte maiteminduren istorioa kontatzen du pelikulak. Gainera, amodioak eta familien arteko borrokek ere eragina izango dute hiru maitaleen harremanetan. Alberto J. Gorritibereak zuzendu zuen sentimenduzko lan honek ukitu fantastikoak dituen alegia eder baten itxura hartzen du, eta hiru aktore gazte ditu protagonista: Iban Garate, Begoña Maestre eta Sara Casasnovas.

Arriyak Euskal Herriko mugako herri batera eramango gaitu. Bertan, bi familia apustu batean murgilduta bizi dira, eta, erronka horrek bultzaturik, hiru gazte maiteminduren bizitzek topo egingo dute. Beren inguruaren inertziaren kontra borroka egin ezinik, beren bizitzan denbora joaten uzten ari dira. Peruren eta Mariaren familiek egingo dute apustua, eta norgehiagoka horren ardatza harria izango da. Herriaren zein bertako biztanleen etorkizunaren jabe bihurtuko da apustu hori.

Filmak gure herriari begiratzeko ikuspegi berezia eskainiko du: iraganera loturik etorkizunera begira dagoen herri batena. Gizabanakoaren eta tradizioaren arteko borroka oinarritzat hartuko du istorioak, ihesbiderik eta amaierarik gabeko borroka, non erabakirik hartzen ez bada, tradizioak berak eramaten zaituen.

Hiru hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez) egin duten film berezi honek Txekiar Errepublikako Karlovy Varyko (lehiaketa kanpoko Sekzio Ofizialean) eta Malagako zinemaldietan hartu zuen parte. Azken horretan, bost sari eskuratu zituen: emakumezko aktorerik onenarena (Begoña Maestre), argazkirik onenarena (Gaizka Bourgeaud), jantzi-diseinurik onenarena (Saioa Lara), musikarik onenarena (Bingen Mendizabal) eta film onenaren Asecan-Opera Prima saria.