telebista
Zinema euskaraz
'Berri Ona' filma eskainiko du, gaur gauean, ETB1ek
eitb.eus
Unax Ugalde eta Barbara Goenaga ditu protagonista pelikulak, eta Gerra Zibilean Elizak izandako jarrerari buruzko beste ikuspuntu bat ematen du.
Euskal Telebistaren lehen kateak Berri Ona (La Buena Nueva) Helena Taberna zinemagile nafarraren filma eskainiko du gaur gauean.
Unax Ugalde (aktore onenaren saria irabazi zuen Semincin pelikula honetan egindako paperagatik) eta Barbara Goenaga ditu protagonista lan honek, eta Gerra Zibilean Elizak izandako jarrerari buruzko beste ikuspuntu bat ematen du, "amnesiari amaiera jartzeko asmoz", zuzendariaren esanetan.
Berri Ona lanak Miguel izeneko apaiz baten bizitza kontatzen du. Altxamendu nazionalaren erdian, herri sozialista batera bidali zuten Miguel, eta han, irakasle batekin batera, Elizaren eta Falangearen indarkeriaren lekuko zuzena izan zen. Zinemagilearen ustez, lanak ikuspuntu berria eskaintzen du gatazkaren inguruan, "euren herria eta pertsona apalak babestu zituzten apaizei buruzkoa".
"Kontatzen den guztia historikoa da, hala gertatu baitzen", esan zuen Tabernak filma aurkeztu zuenean. "Benetan gertatu zena ezagutu behar da, ez zauriak irekitzeko, konponbidea bultzatzeko baizik", gaineratu zuen.
Loquilloren agerraldi bat barne (abeslariak soldadu nazional baten papera egiten du), Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritan grabatu zuten filma.
Berri Ona pelikula gaur gauean egongo da ikusgai ETB1en, 22:30etik aurrera.