telebista
Zinea
Film laburren gaua izango da gaurkoa ETB1en
A.A. | EiTB
Elkartea, Zarautzen erosi zuen, Otsoko, Soroa, Don Miguel, Zela Trovke, Hor dago eta Hubert le Blonen azken hegaldia filmak ikusi ahal izango dira.
Euskal zinemagileek ekoitzitako zazpi film labur emango ditu gaur gauean ETB1ek 'Zinez' saioan. Elkartea, Zarautzen erosi zuen, Otsoko, Soroa, Don Miguel, Zela Trovke, Hor dago eta Hubert le Blonen azken hegaldia izango dira ikusgai 22:15etik aurrera.
Elkartea Kote Camachok 2013an egindako film laburra da. Iñaki Beraetxe, Eriz Alberdi, Pako Revueltas, Martxelo Rubio eta Iker Galartza ditu protagonista, eta afaltzeko elkartzen diren lagun batzuen pasarte bat kontatzen du.
Zarautzen erosi zuen Aitor Arregi zuzendari oñatiarraren lana da. Nagore Aranburu du protagonista, eta Kimuak ekimenean parte hartu duen zinta da.
Otsoko XVIII. mendean girotutako film laburra da. Ander Iriarte da zuzendaria, eta Manex Bengoa eta Josean Bengoetxea ditu protagonista. Semeari otsoak nola ehizatu behar dituen erakutsi nahi dion aita baten istorioa kontatzen du.
Asier Altunaren Soroa ere izango da ikusgai astelehen honetan. 2014an egindako lan hau ere, Kimuak ekimenean parte hartutakoa da.
Don Miguel ere Kote Camachok 2014an egin eta Kimuak ekimenean sartu zen laburra da. Animazio bidez, Don Miguelen eta Eugenioren arteko tratua kontatzen digu istorio honek.
Zela Trovke Asier Altuna zuzendariaren lana, Donostiako Zinemaldian estreinatu zen 2013an, eta hainbat sari irabazi ditu nazioartean. Maite Larburu biolinista eta kantaria du protagonista, eta Amsterdamen eta Utrechten grabatu zuten.
Urko Villasante zuzendariaren Hor dago film laburra ere izango da ikusgai. Mikel izeneko mutiko bat du protagonista; Ikusi ezin dugun zerbait gertatzen zaio Mikeli.
Hubert le Blonen azken hegaldia, aldiz, Koldo Almandozek sortu zuen 2013an. Le Blon frantziarra 1910ean hil zen Donostiako Kontxako hondartzan hegazkin erakustaldi batean istripua izanda. Gertakari hura kontatzen du lan honek animazio formatuan.