telebista
22:15ean
'Eutsi!' filma, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
Anjel Alkain eta Asier Hormaza protagonista dituen filma izango da ikusgai 22:15etik aurrera, Fermin Etxegoienek aurkeztu ondoren.

Anjel Alkain eta Asier Hormaza protagonista dituen "Eutsi!" filma emango du ETB1ek gaur, 22:15etik aurrera. eitb.eus-en streaming bidez ikusteko aukera ere izango da.
Fermin Etxegoienek Alberto Gorritiberea zumaiarraren film luzea aurkeztuko du "Zinez" saioan. Krisi ekonomiko eta lan gatazken esparrura eramango gaitu 2007an grabatutako film honek. Kepa eta Martin haurtzaroko lagun minak dira, txirrindularitzazaleak. Berrogei urte inguru dituzte, eta enpresan lan gatazka luzea dute. Azkenik, enpresa beste herrialde batera eramango duten zurrumurrua zabaldu da. Egoera horren erdian, Martin aita izateko puntuan dago, eta krisialdian sartuko da. Bi lagunak ika-mikan hasiko dira, eta, beren adiskidetasuna apurtzear dagoenean, helburu berria izango dute: protestak Frantziako Tourrera eramatea.
Nagore Aranburu, Oihana Maritorena eta Kandido Uranga ere ikusiko ditugu Anjel Alkain eta Asier Hormaza protagonistekin batera.