telebista
En ETB1 y ETB2
Bideojokoen munduan barrena, aste honetan, 'Teknopolis' saioan
A.H. | EITB
Gainera, aurtengo EiTB Maratoia hizpide hartuta, oinarrizko dardara gaixotasun neurologikoa ezagutuko dute gertutik.
-
Argazkia: EFE
Aste honetako 'Teknopolis' saioa bideojokoen munduan barrena murgilduko da, eta bideojokoak egiteko industria handi bat izan beharrik ez dagoela frogatzeko aukera izango du. Azaroko bi asteburutan Donostian ospatu den bideojoko maratoian jokoak garatzeko oinarrizko ezagutzak jaso dituzte parte hartzaileek. Topaketaren antolaketan parte hartu duen estudioak ere, Santa Clara Games, dagoeneko nazioarteko merkatuan bi joko jarri ditu, eta afizioa eta ofizioa bateratu daitekeela frogatu du.
Saioak, gainera aurtengo EiTB Maratoiarekin bat egingo du oinarrizko dardara gaixotasun neurologikoa aztertuz. Gaixotasunaren ezaugarri nagusia eskuetako dardara da, baina ez da erraza bestelako dardaretatik bereiztea. Jose Ignacio Rebollo pazientearen baimenarekin, kontsultan sartu da aste honetako 'Teknopolis' diagnostikoa nola egiten den ikusteko. Izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak eta Biodonostiako neurologoak diagnostiko tresna erraz, merke eta kuantitatibo bat garatzen ari dira: kiribil bat eta tableta bat dira abiapuntua.
Amaitzeko, Tknikaren lana ere ezagutuko dute. Garai berriek gaitasun berriak eskatzen dituzte, ez teknikoak bakarrik, hala nola, talde-lana, ardura, komunikazioa, ekimena..., eta horiek guztiak lantzeko hezkuntza metodologiak aldatzen ari dira. Horretan dihardu, besteak beste, lanbide heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntza zentroak.
'Teknopolis' larunbat honetan emitituko da, 13:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en; eta igandean, 10:25ean, ETB2n eta eitb.eus-en.
us-en.