telebista
Bertsolaritza
Hur Gorostiagak Baionara eramango du, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera'
A.E.|EiTB
Gainera, joan zen igandeko Amurrioko jaialdiko bertso-saioaren laburpena eskainiko du saioak.
Hur Gorostiaga izango du gonbidatu 'Hitzetik Hortzera' saioak aste honetan. Seaskak antolatuta, BECtso saioa egin zen Baionako Antzokian urtarril hondarrean. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren konpainian joan zen bertara programaren lan-taldea, eta Seaskaren egoeraren berri eman zuen zuzenean. Eta Amurrioko bertso-saioko bertsoaldi onenak ere eskainiko dituzte igandeko programan.
Seaskak lan handia egin du azken urteotan Xiberoan, Lapurdin eta Baxenafarroan euskara berreskuratzeko. Bertako zuzendaria da Hur Gorostiaga. Seaskak egiten duen lanaren berri emateaz gain, euskararen egoeraz eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ere ariko dira berarekin.
Finalistak Baionan
Seaskak berak antolatuta, BECtso Saioa egin zen urtarril hondarrean Baionan. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean aritu ziren sei bertsolari aritu ziren kantuan Joana Itzaina gidari zutela: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Han izan ziren Hitzetik Hortzerako kamerak, eta bertsoaldi onenak eskainiko ditu saioak igande honetan.
Amurrioko bertsoak
Joan zen igandean bertso-saio berezia egin zen Amurrioko Gaztetxean. Twitterren idatzitako txio batzuk direla medio auziperatua dago Alfredo Remirez gaztea. Auzia ixteko eskatuz eta adierazpen askatasunaren defentsan 'Alfreedo' kanpaina martxan jarri dute azken hilabeteotan, eta kanpainaren baitan antolatu zen bertso-saioa. Unai Iturriaga, Oihana Bartra, Izar Mendiguren, Onintza Enbeita, Oihane Perea eta Iñaki Viñaspre aritu ziren kantuan Ainhoa Comas eta Unai Mendibil gai-jartzaile zirela. Hango bertsoaldi onenak ere bildu dituzte.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago gaur izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta jarraian interneten ere aurkitu ahal izango da EiTB Nahieranen.