Itxi

telebista

22:05ean

'La Buena Nueva' filma, gaur gauean, ETB2n

eitb.eus

Erredakzioa

Unax Ugalde eta Barbara Goenaga ditu protagonista pelikulak, eta Gerra Zibilean Elizak izandako jarrerari buruzko beste ikuspuntu bat ematen du.

Euskal Telebistaren bigarren kateak La Buena Nueva Helena Taberna zinemagile nafarraren filma eskainiko du gaur, ekainak 10.

Unax Ugalde (aktore onenaren saria irabazi zuen Seminci jaialdian pelikula honetan egindako lanarengatik) eta Barbara Goenaga ditu protagonista pelikula honek, eta Gerra Zibilean Elizak izandako jarrerari buruzko beste ikuspuntu bat ematen du, "amnesiari amaiera jartzeko asmoz", zuzendariaren esanetan.

La Buena Nueva lanak Miguel izeneko apaiz baten bizitza kontatzen du. Altxamendu nazionalaren erdian, herri sozialista batera bidali zuten Miguel, eta han, irakasle batekin batera, Elizaren eta Falangearen indarkeriaren lekuko zuzena izan zen. Zinemagilearen ustez, film honek gatazkaren inguruko ikuspuntu berria eskaintzen du, "euren herria eta pertsona apalak babestu zituzten apaizei buruzkoa".

"Kontatzen den guztia historikoa da, hala gertatu baitzen", esan zuen Tabernak filma aurkeztu zuenean. "Benetan gertatu zena ezagutu behar da, ez zauriak irekitzeko, konponbidea bultzatzeko baizik", gaineratu zuen.

Loquilloren agerraldi bat barne (abeslariak soldadu nazional baten papera egiten du), Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritan grabatu zuten.

La Buena Nueva pelikula gaur gauean egongo da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB2n.