Itxi

telebista

23:30ean

'Nosotras, mujeres de Euskalduna' dokumentala, gaur gauean, ETB2n

EITB

Euskaldunaren itxieraren kontra langileekin batera borrokatu ziren emakumeen istorioaren berri emango du.

  • Filmaren kartela

    Filmaren kartela

Gaur gauean, Nosotras, mujeres de Euskalduna Larraitz Zuazok zuzendutako dokumentala eskainiko du ETB2k, 23:30ean. Euskalduna ontziolaren itxiera eta horren ondorioz izan ziren borrokak eta kale gatazkak duela 30 urte baino gehiago izan ziren, eta aldi baten amaiera eta garai berri baten hasiera ekarri zuten. Hala ere, ezer gutxi geratzen da jada memoria publikoan orduko paisaje, bizimodu eta gertaeretatik.

Ihesi doan Bilboko memoria horri eutsi nahi dio asteazkeneko dokumentalak, eta Euskaldunako borrokaren gertaera haietako bat hartuko du ardatz: emakumeek langileekin batera egindako borroka, lantokiaren eta lanpostuaren defentsan.

Abiapuntu gisa, Araitzi behin eta berriro gogora datorkion haurtzaroko amets bat hartuko du dokumentalak. Beste neskato ile-gorri batekin batera dago, zarata handia dute inguruan, eta beraren aita beraien bila dabil, kezkatuta. Araitz Bilboko Euskalduna ontziolako langile baten alaba da, eta 1983 eta 1988 bitartean ontziola ixtearen aurka Bilboko erdigunean izan zen borrokaren memoria eraikitzeko ahaleginean murgilduko da amets horrek gidatuta.

Bere amaren eta beste hainbat emakumeren eskutik egingo du bidea, orduko langileen borroka sustatzeko eratu zen Emakumeen Asanbladako kideekin, hain zuzen ere. Emakumeen ikuspegi horretatik, borrokaren memoria bat eraikiko du dokumentalak. Porrota baino gehiago, emakume haientzat autoafirmazioak, kontzientzia hartzeak eta ahalduntzeak duen balio handia goraipatuko du saioak, eta gehienbat gizonek osatu eta maneiatu zuten testuinguru hartan aldarrikapenak emakume gisa egitearen zailtasuna ere, emazte edo amaren paperetik harago.

Nosotras, mujeres de Euskalduna gaur izango da ikusgai, 23:30etik aurrera, ETB2n.

 

nosotras-mujeres-de-euskalduna

Filmaren kartela