Itxi

telebista

Kirol emanaldiak

Elgoibarko Krosa eta Eibarko pilota jaialdia, gaur, zuzenean

A.A.| EiTB

Erremonteko Master Sariko finala eta aizkolarien Eusko Label Sariko eta Emakumeen Ligako jardunaldiak ere izango dira ikusgai.

Elgoibarko Juan Muguerza Nazioarteko Krosarekin ekingo zaie gaur kirol emanaldiei ETB1en eta eitb.eus-en. Juanan Legorburuk, Xabier Leibar eta Xabier Andueza zuzenean arituko dira Mintxetako zelaietatik.

12:45ean, ETB4n eta eitb.eus-en, bezperan Hernaniko Galarretan jokatutako erremonteko Master Sariko finala izango dugu ikusgai. Iñigo Aiestaranek eta Manuel Arrizabalaga 'Matxin'ek emango dute Urrizaren eta Barrenetxea IV.aren arteko norgehiagokaren berri.

16:00etan, herri kirolen tartean (ETB1 eta eitb.eus), goizean Beizaman jokatutako bi lehia eskainiko dira: Binakako Eusko Label Sariko Otaño-L. Azpilikueta eta Irazu-Zaldua bikoteen artekoa, hasteko, eta Emakumeen Ligako buruz burukoa, Irune Izkue eta Nerea Sorondoren artekoa. Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek egingo dute kontakizuna.

Azkenik, 17:00etan, pilota emankizuna hasiko da Eibarko Astelenatik. Partida nagusia Binakako Txapelketako Altuna III.a-Martija eta Laso-Albisu bikoteen artekoa izango da. Aurretik eta ondoren, Promozio Txapelketako bi norgehiagoka jokatuko dira: Retegi Bi-Merino eta Jaka-Lasa IV.a bikoteen artekoa eta Gorka-Salaverri eta Ugalde-Erostarbe aurre aurre jarriko dituena. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Xabier Andueza izango dira esatariak.