Itxi

telebista

22:15ean

'La convergencia PSE-EE. 25 años en perspectiva' dokumentala, gaur, ETB2n

A.E.|EiTB

Ezkerreko bi euskal alderdien bategitearen urtemuga ospatzeaz gain, nola eta zergatik gertatu zen aztertuko du.

La convergencia PSE-EE. 25 años en perspectiva Antonio Cristobalek zuzendutako dokumentala izango da ikusgai gaur gauean ETB2n. Ezkerreko bi euskal alderdien bategitearen urtemuga ospatzeaz gain, nola eta zergatik gertatu zen aztertuko da bertan. Halaber, liskarraren ordez elkar ulertzearen aldeko apustua egin zuen buruzagi politikoen omenaldia ere bada lan hau, euskal gizartearen mesedetan zenbait aginduri uko egiteko gai izan zirenei omenaldia, hain zuzen ere.

1993. urtea ez zen nolanahikoa izan euskal giro politikoan. Bost urte lehenago alerdi politiko demokratiko guztiek bizikidetza eta terrorismoaren aurkako 'Euskadiren Normalizazio eta Bakegintzarako ituna' sinatu zuten, Ajuria Eneako itun gisa ezagunagoa.

Mahai hartan, Euskadiko indar eta sentsibilitate politiko guztien ordezkariak zeuden, jarduera terrorista babesten zutenak izan ezik. Eusko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV), Alianza Popular (AP), Centro Democrático y Social (CDS), Eusko Alkartasuna (EA), Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-PSOE) eta Euskadiko Ezkerra (EE).

Gizartearen eta politikaren ikuspegitik garai katramilatsua izan zen. 1986. urteko hauteskundeetan PSE-PSOEk legebiltzarrean ordezkari gehienak zituen. Haatik, Jose Maria Benegas 'Txki' líder sozialistak garaipena lortu arren, ez zuen lehendakari izatea lortu. Arrazoien artean bat nagusi: EEk ez zuen inbestidura babestu nahi izan.

Ze aldatu zen hain urte gutxitan, PSE eta EE ezkerreko euskal alderdiak bakarrean biltzeko? Zein da arrazoia bi alderdiek ezberdintasunak baino komunean gauza gehiago zituztela ondorioztatzeko? Ze ekarri egin zion alderdi bakoitzak Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerra PSE-EE(PSOE) berriari? Zein da arrazoia, Mario Onaindia, Teo Uriarte, Jon Larrinaga euskal abertzaletasunetik hurbil zeuden buruzagi historikoak esparru nazionaleko PSOEen sartzeko?

Protagonisten eskutik, PSE eta EEren arteko bategitea zergatik gertatu zen aztertuko du dokumentalak. Negoziaketetan parte hartu zuten Ramon Jauregui, Jon Larrinaga, Mikel Unzalu, Rodolfo Ares eta Teo Uriarteren lehen eskuko lekukoak izango ditu. Orobat, zuzenean inplikatuta egon ez ziren lagunek ere parte hartu dute, Kepa Aulestiak, besteak beste. Berebat, gure artean ez dauden beste zenbait lagun garrantzitsuren testigantzak berreskuratu dituzte: Txiki Benegas, Juan Mari Bandres eta Ramon Rubial, esaterako.

Horiekin guztiekin, bategitea gertatu zeneko unea, aurrekoa eta ondorena berregingo du dokumentalak. Kazetarien eta bategitearekin zerikusia izan ez zuten lagunen ekarpenak, garrantzitsuak izango dira momentu hura zer izan zen eta zer ekarri zuen beste ikuspuntu batzuetatik aztertzeko.

La convergencia PSE-EE. 25 años en perspectiva 22:15ean izango da ikusgai, ETB2n.