telebista
14. edizioko finala
Eider Alonso irabazle, ‘El Conquistador’ren 14. edizioan
EITB.EUS
Astigarragakoak eraman du ikurrina preziatua, Kolonbiako Quebrada Valencia ur-jauzian. Gotzon eta Aiora metro gutxira gelditu dira. Seleta eta Zuriñe, ordea, lehenago kanporatu dira.
Eider Alonso, Astigarragako kirol monitorea, izan da "El Conquistador del Fin del Mundo"ren 14. edizioko irabazlea. Yudo txapelduna eta oztopo-lasterketetako korrikalaria da Eider eta hasieran presentzia handirik izan ez zuen arren, Jagoba kanporatzea lortu zuen, tirolinaren dueluan. Uztaien dueluan ere bere dohainak erakusteko aukera izan zuen, Gotzonek irabazi zuen arren.
Final handiko proba ‘El Conquis’en edizio guztietako gogorrena eta arriskutsuena izan da. Aiorak, Eiderrek, Gotzonek, Seletak eta Zuriñek Quebrada Valencia ur-jauzian zehar banatutako lau banderatxo hartu behar zituzten. Azken egunetako ekaitzen eta izotza urtzearen ondorioz, urak zakartu egin dira, probaren arriskua handituz. Aiorak, Eiderrek eta Gotzonek lau banderatxoak lortu dituzte, korrika egin, urpean igeri egin, yumarra erabilita ur-jauzian gora egin, putzura jaitsi, berriz igo eta zuhaitz batetik gora igo ostean.
Azkenburuko gisa, 250 metroko goranzko tirolina egin behar izan dute lehiakideek. Esfortzu handiak eginda eta oso nekatuta, Eiderrek Aiora garaitzea lortu du, tirolinaren amaierara helduz eta ‘El Conquistador del Caribe’ren irabazlearen ikurrina eskuetan hartuta, “Aupa Astigarraga!” eta “Aupa ‘conquistadores’!” esanez. Hamalaugarren edizioko irabazleak bere gurasoei, bere ilobei eta lagunei eskaini die garaipena.
Seletak eta Zuriñek ez dute probaren azken zatia egiteko aukerarik izan, hiru tirolina baino ez zeudelako. Hala ere, biek zoriondu dute Eider, baita oso metro gutxira gelditutako Gotzonek eta Aiorak ere.
Ikurrina, 20.000 euro eta kamiseta txiki bat
Platoan, Izetak irabazlearen ikurrina eman dio Eiderri, baina oraindik ere sari gehiago zeuden irabazlearentzat. Izan ere, astigartarra haurdun dago, eta Julianek elastiko berde txiki bat eman dio sari berezi gisa. Gainera, 20.000 euroak ere eman dizkio.