Itxi

telebista

22:00etan

'Los tentáculos de Interior' erreportajea, gaur, '360º' saioan

EITB

Eider Hurtadok aurkeztuta, Altsasu kasua abiapuntu hartuta, Estatuaren influentzia eta boterea noraino iristen den aztertuko du saioak.

  • Eider Hurtado aurkezlea, Ciudadanos alderdiari buruzko saioan. (Argazkia: EiTB)

    Eider Hurtado aurkezlea, Ciudadanos alderdiari buruzko saioan. (Argazkia: EiTB)

Zeintzuk dira Estatuaren boterearen mugak? Proportziorik gabeko epai bat justifikatzeko burutzen diren esku-hartze politiko eta mediatikoak aztertuko ditu  ETB2ko '360º' saioak Altsasuko kasutik abiatuta. Guardia Zibilak bere esku dauden neurri guztiak erabili ditu zigor eredugarri bat ezartzeko? Igande honetan, Los tentáculos de Interior erreportajeak Barne Ministerioaren boterea noraino iristen den aztertuko du.

Eider Hurtadok aurkeztutako saioa Madrilera joango da Fernando Lazaro, El Mundo-ko kazetaria elkarrizketatzeko. Lazarok hainbat artikulu idatzi ditu Altsasuko kasuaren eta Guardia Zibilaren bertsioaren inguruan. Bestalde, epaiketan onartu ez ziren Altsasuko gazteen kontrako kanpaina politikoaren ebidentziak azalduko ditu erreportajeak.

Horrez gain, Jaime Mayor Oreja, Jose Maria Azanarren gobernuko Barne ministroak, orduko egoera politikoan eragina izateko bere esku zeukan botere guztia erabili zuela aitortuko du. Baina, nork zuzentzen du Barne Ministerioa? Guardia Zibilaren adar batzuk ministerioaren kontroletik kanpo geratu ote dira?

Estatuak aurrera eraman zuen gerra zikina GALen garaian nabarmendu zen. Fernando Lopez kazetaria Justizia eta Barne Ministerioaren informazio harremanen zuzendaria izan zen Felipe Gonzalezen garaian. Bere eskutik jakingo dugu ministerioak ezin zituela akzio polizial guztiak kontrolatu.

Barne ministerioren gaineko susmo hauek gaur egun mantentzen dira, Kataluniako prozesua arretaz aztertzen badugu. Euskadin aplikatu izan den eredu berdina ezarri nahi dute Katalunian?. '360º' saioa Bartzelonara joango da 'brigada politiko'ek funtzionatzen jarraitzen duten jakiteko.

Bestalde, Jaume Roures Mediapro ekoiztetxearen presidentearekin hitz egingo dute. Mediaprok ekoitztutako Las cloacas de Interior dokumentalak Barne Ministerioaren barruan egitura paralelo bat zegoela azaldu zuen, eta dokumentalaren emisioaren ondoren, Roures Guardia Zibilaren informeetan agertzen hasi zen. Saioak, gainera, Jordi Pinarekin, Jordi Sanchezen abokatuarekin, hitz egingo du, ANCko presidente ohiaren eta beste preso kataluniarren prozesuan izandako esku-hartze polizial eta mediatikoak aztertzeko.

'360º' saioak Los tentáculos de Interior erreportajea eskainiko du 22:00etatik aurrera eitb.eus-en eta ETB2n.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista