Itxi

telebista

22:10ean

Torturen gaia aztergai, gaur, '360º' saioan

EiTB

Torturak jasateagatik Euskadin salaketa jarri duten herritarren testigantza latzak bilduko dituzte.

  • 'Torturas, el crimen mejor escondido' saioaren fotograma. Argazkia: EiTB

    'Torturas, el crimen mejor escondido' saioaren fotograma. Argazkia: EiTB

Torturas, el crimen mejor escondido izeneko erreportajea izango dugu ikusgai, 22:10ean, '360º' saioan.

Torturak jasateagatik Euskadin salaketa jarri duten herritarren testigantza latzak entzungo ditugu erreportajean: Enkarni Blanco, ETArekin kolaboratzeagatik atxilotu zuten 1992an; Iñaki Urdanibia, EMK alderdi komunistako kide izateagatik atxilotu zuten 1973an, eta Gloria Bosque, FRAP (Frente Revolucionario Antifascista y Patriota) alderdiko kide izateagatik atxilotu zuten birritan, 1973an eta 1975ean.

Eider Hurtado buru duen lantaldea Suitzara joango da Nekane Txapartegirekin hitz egitera. Atxilotu zutenean bortxatu egin zutela salatu zuen lehen emakumeetako bat izan zen. Bere istorioa kontatuko du aurreneko aldiz telebistako kameren aurrean.

Estatuak ez du erantzukizunik bere gain hartu. Kontrara, tortura kasuetan nahastuta egon direnak kondekoratu egin ditu. Horren adibide dugu Rodriguez Galindo. Azken 40 urteetan domina gehien jaso dituen jeneral ohia da. Lasa eta Zabalaren hilketagatik 75 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina lau urte eta lau hilabete eman zituen soilik espetxeratuta.

Rodriguez Galindo non dagoen eta nola bizi den ikertzen saiatuko da '360º' saioa, eta orain arte ikusi gabeko irudiak erakutsiko ditu. Duela 14 urte osasun arazoengatik kartzelatik atera zen jeneral ohiari Intxaurrondoko torturen inguruan galdetzen ahaleginduko dira.

Tortura kasuak isilean nola gorde diren ere ikertuko dute Paco Etxeberria Lege eta Auzitegi Medikuntzako mediku espezialistarekin hitz eginez. Indar polizialek egindako ustezko delitu horiek estaltzeko azken hamarkadetan erabili diren argudioak hankaz gora jarriko ditu Etxeberriak.

ETB2ko erreportaje saioak polizien testigantzak ere bilduko ditu. Jose Manuel Sanchez Fornet polizia nazionalak torturen lekuko izan zela azalduko du. Luis Gonzalo Segura lurreko armadako teniente ohiaren esanetan, Euskadin lan egiten zuten guardia zibilek onartu izan diote torturak egin zituztela; batzuek harropuzkeriaz gainera.

Torturas, el crimen mejor escondido erreportajea igandean, 22:10ean, izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, Eider Hurtadok aurkeztuta.