telebista
22:30ean
Erraustegiak hizketagai, gaur gauean, '360º. Tú Decides' saioan
EiTB
Gainera, Bateragune kasuaren ostean eta bankuen zergen harira, Espainiako Justizia jasaten ari den sinesgarritasun krisiaren inguruan ere egingo du gogoeta Arantza Ruizek gidatzen duen saioak.
-
Zabalgarbiko erraustegia. Argazkia: EiTB
Gaur ikusgai izango den '360º. Tú Decides' saioak Europar Batasunak egun aurrez aurre topatu duen ingurumen erronka nagusiaren inguruan egingo du gogoeta: giza hondakinen kudeaketa. Zer egiten dugu sortzen ditugun hondakinekin?
Bizkaian dagoen Zabalgarbi planta edota laster Gipuzkoan, Zubietan, ireki nahi duten hondakinen balorizazio fabrikaren modeloa da gaur egun Euskadin erabiltzen dugun metodo bakarra. Bada, ordea, duela urte batzuk geroztik lurralde gipuzkoarrean teknika horren aurka sortutako mugimendu sozial bat. Ikuspuntu horren aldekoen arabera, zaborra tratatzeko metodo horrek ondorio kaltegarriak ditu gizakion osasunean. Galdera batetik abiatuko da ostiraleko saioa: nola kudeatu beharko litzateke sortzen dugun zaborra? Arantza Ruiz kazetaria gaian adituak direnekin hizketan ariko da gaiari buruz: Joan Grimalt, CSICeko katedraduna Ingurumen Kimikan; Gorka Bueno, EHUn Ingeniaritzan doktorea; Jaime Orfila, hondakinen kudeaketan mediku aditua, eta Xabier Mitxelena, Incineración y Salud taldeko medikua. Gainera, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Aldundiko Ingurumen diputatuarekin mintzatuko da, eta platoan bilduko diren 50 herritarren iritzia ezagutuko du.
Gainera, Bateragune kasuaren ostean eta bankuen zergen auziaren harira, '360º. Tú Decides' saioak Espainiako Justizia jasaten ari den sinesgarritasun krisiaren inguruan egingo du gogoeta. Pilar Rahola kazetari eta politikaria elkarrizketatuko du Arantza Ruizek, eta Villarejo komisario ohiak espainiar politikariei egindako grabaketen auziari buruz ere jardungo dute. Hori guztia, Tito Irazusta, Irantzu Varela, Galder del Campo eta Fernando Palaciosen iradokizunekin.
'360º. Tú Decides' saioa ostiraletan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.