Itxi

telebista

Komunikazio ez sexista

EiTB, emakume kirolariek komunikabideetan duten presentziari buruzko jardunaldietan

Begira sareak antolatuta, 'Emakume kirolarien agerpena komunikabideetan eta publizitatean' izenburupean ospatuko da topaketa gaur Bilboko Bizkaia Aretoan.

  • Emakume Master Cup txapelpetan parte hartu zuten pilotariak

    Emakume Master Cup txapelpetan parte hartu zuten pilotariak. Argazkia: EiTB

EiTBk gaur Bilbon egingo den publizitate eta komunikazio ez sexistarako deontologiako eta autorregulazioko kodea ezartzeko Begira sarearen 7. Topaketan hartuko du parte. EiTBren plan estrategikoaren barruan, hedabide guztien jomugan dago kirol aktualitatean emakume kirolarien presentzia bultzatzea.

Emakundek bultzatzen duen komunikabide eta publizitate agentzien Begira sareak antolatutako topaketa 'Emakume kirolarien agerpena komunikabideetan eta publizitatean' izenburupean ospatuko da Bizkaia aretoan. Hedabideen eta publizitate arloko enpresen eguneroko lanean genero ikuspuntua nola lantzen den aztertu eta bide berriak urratzeko pausuak adostea izango da helburua.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak emango diete hasiera jardunaldi hauei.

Besteak beste, Paloma del Rio Cañadas TVEko kirol esatariak hitzaldia eskainiko du, eta Urko Aristi EiTBko kazetariak kirol arloko zenbait lagunen arteko solasaldia gidatuko du: Chantal Reyes (Mundo Deportivo), Maite Azpiroz (Lacturale), Olatz Legarza (Basqueteam), Olga Jiménez (Radio Vitoria) eta Livia López (Araski).

Jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en, 09:15etik aurrera.