Itxi

telebista

Zinea

EiTBk 'Handia' filma estreinatuko du gaur

EITB

eitb.eus-en ere ikusgai izango da. ETB2k, bere aldetik, zinema eskaintza zabala prestatu du Gabonetarako.

0:23

Igande honetan, abenduak 23, ETB1ek Handia film arrakastatsua estreinatuko du telebistan; eitb.eus-en ere ikusgai izango da. Euskaraz egindako historiako pelikularik ikusiena izan da Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako filma: kritika eta publikoaren harrera bikaina izan du eta hainbat sari lortu ditu. Horien artean, Goya sarietan jasotako 13 izendapenetatik hamar sari irabazi zituen eta Donostia Zinemaldian epaimahaiaren saria eta euskal zinemaren saria bereganatu zituen. Eneko Sagardoy (gizonezko aktore errebelazioaren Goya sariaren irabazlea), Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre eta Aia Kruse dira aktore protagonistak.

Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin (Joseba Usabaiaga) Gipuzkoako bere familiaren baserrira itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joakin (Eneko Sagardoy) ohi baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote Europan zehar. Bidean, handinahiak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua. Benetako gertakarietan oinarritutako istorioa da.

ETB1ek 22:00etan eskainiko du Handia filma, eta emanaldiaren ondoren, Jon Garañok Jose Mari Goenagarekin 2014an zuzendutako Loreak film arrakastatsua izango da ikusgai. Hau ere Donostia Zinemaldiko sail ofizialean estreinatu zen eta Goya sarietarako izendapena jaso zuen. Berebat, Oscarretarako aurre-hautagaia izan zen.

Zinema eskaintza zabala, ETB2n

'La Noche de...' saioak bi estreinaldi eskainiko ditu datozen bi astearteetan. Hasteko, abenduaren 25ean, David Yates zinemagileak zuzendutako La leyenda de Tarzan pelikula, Alexander Skarsgard, Margot Robbie, Christoph Waltz eta Samuel L. Jackson protagonista direla. Oihanetik irten ondoren, Tarzanek eliteko bizimodua darama eta bere emaztea Janerekin bizi da. Hala ere, bere bizitza goitik behera aldatuko da Kongoko enbaxadorearen kargua ematen diotenean.

Urteberri egunez, Batman vs Superman: El amanecer de la justicia superprodukzioa estreinatuko du 'LND'k telebistan, Ben Affleck, Henry Calvill, Amy Adams eta Jesse Eisenberg aktoreekin. Supermanek aurrera eraman ditzakeen ekintzen aurrean, Gotham City-ko zaindariak superheroiaren jarrera kontrolatu nahi izango du. Bitartean, hiriko iritzi publikoa bi heroien artean aukeratu ezinka dabil.

Nabarmentzekoak dira baita ere abenduaren 30ean, 22:00etan, emango den San Andres pelikula. San Andres faila hondatu eta bederatzigarren mailako lurrikara egongo da Kalifornian. Hondamendi handi honen aurrean, Ray (Dwayne Johnson) helikoptero gidaria eta Emma (Carla Gugino) bere emazte-ohia Los Angelesetik San Franciscora joango dira euren alaba Blake (Alexandra Daddario) bilatzera

El becario Errege egunez izango da ikusgai ordutegi nagusian. Genero berdintasunaren aldeko pelikula honek, internet bidezko moda enpresa bateko zuzendari gazteak (Anne Hathaway) 70 urteko bekadun bat (Robert de Niro) kontratatzean, bien artean sortzen den harreman berezia erakutsiko digu.

Horrez gain, Samba komedia frantziarra eta Angeles y demonios Codigo Da Vinci-ren sagako pelikula ere izango dira ETB2n ikusgai, oraindik data zehaztu gabe dagoen arren.