Itxi

telebista

00:10ean

Urte berriari hasiera emateko, 'Go!azen 2019' saio berezia ETB1en

EITB

Zuriñe Hidalgok aurkeztuta,'Go!azen'eko aktoreek telesaileko abestirik ezagunenak kantatuko dituzte jatorrizko musikariekin batera.

  • 'Go!azen 2019' saio berezia

    'Go!azen 2019' saio berezia. Argazkia: EiTB

Gabon Zahar gauean, urte berriaren hasiera ospatzeko 'Go!azen 2019' saio berezia eskainiko du ETB1ek, kanpaien ostean, 00:10ean. Zuriñe Hidalgok aurkeztuta, 'Go!azen'eko aktoreek telesaileko abestirik ezagunenak kantatuko dituzte jatorrizko musikariekin batera, horien artean, Alex Sardui, Xabi Solano, La Oreja de Van Gogh, Anne Etchegoyen, Gozategi, Maria Amolategi, Josune Arakistain (Huntza) eta Xabier Saldias.

Miren Arrieta (Ane), Iholdi Beristain (Naia), Asier Burguete (Markel), Beñat Iturbe (Julen), Ainhoa Larrañaga (Eli), Aritz Mendiola (Gari), Oihan Moreno (Jontxu), Maria Redondo (Zuri), Iker Villa (Ander), Inma Fernandez (Desi), Itziar Urretabizkaia (Amaia) eta Asier Oruesagati (Martin) eszenatoki gainean arituko dira abeslari ospetsuekin batera euskal abesti ezberdinen moldaketak eskainiz.

Huntza taldeko Josune Arakistainekin 'Iñundik iñorae' abestu eta dantzatuko dute; Anne Etchegoyenekin, 'Loretxoa', eta Zuriñe Hidalgorekin Hesian taldearen 'Zerotik' kantaren moldaketa egingo dute.

La Oreja de Van Gogh taldeak ere hartuko du parte 'Go!azen 2019' saioan, 'Aitormena' kantaren bertsio berezi bat kantatuko du Leire Martinezek telesaileko hainbat aktoreren laguntzaz. Maria Amolategirekin, berriz, Sugan taldearen 'Zarena zarelako' abestuko dute.

Alex Sarduiren konpainian 'Aske maitte' eta Sorotan Beleren 'Sing Singatiko folkanrola' kanta ezaguna taldeko abeslari izan zen Gorka Sarriegirekin batera eskainiko dizkigute.

Gozategiko Asier eta Iñigorekin batera 'Nirekin', Urtz taldeko Xabi Camarerorekin 'Ez gaitu inork geldituko', The Uski's taldeko Iñigo Egigurenekin 'Zelan' eta Esne Beltzako Xabi Solanorekin 'Sueños de color' ere entzungo ditugu Gabon Zahar gaueko saio berezi honetan.

Anjel Alkain aktorea izango dute lagun Negu Gorriak taldearen 'Gora herria' kantatzeko, eta horrez gain, 'Go!azen' telesailerako sortutako 'Basakabiko atarian', 'Denok zu' eta 'Mugimenduan tinko' kantak entzungo ditugu.

Bukaeran, aktore eta gonbidatu guztiek elkarrekin, 'Behin batean Loiolan' abestuko dute Xabier Saldiasekin batera.

'Go!azen 2019' Gabon zahar gauean izango da ikusgai, 00:10ean ETB1en eta eitb.eus-en.