Itxi

telebista

22:30ean

'Vascos por el Mundo' Belgikan izango da gaur gauean

EITB

Carolina Calvo kazetariak Belgikako hiriburua eta Lovaina hiri unibertsitarioa ezagutuko ditu, besteak beste, bertan bizi diren euskaldunen eskutik.

  • Brusela, Grande Place

    Brusela, Grande Place

Gaur gauean, 'Vascos por el Mundo' saioak Belgika eta herrialdeko hiriburua, Brusela, ezagutuko ditu Carolina Calvo kazetariaren eskutik. Bertan bizi diren sei euskaldunek hiriko kaleetan zehar eramango gaituzte Europako hiriburuak dituen sekretuen bila.

Itxaso Getxokoa da eta 10 urte daramatza Belgikan bizitzen. Horren eskutik, hiriaren erdigunean dagoen Grand Place enparantza ezaguna ikusiko dugu, erosketak egingo ditugu Erreginaren Galerietan eta Belgikako txokolatea dastatuko dugu. Gainera, Ixelles auzoan barrena murgildu eta Bruselako Euskal Etxera joango gara, Hiruak taldearen ikuskizuna ikustera; hirukote honek euskal musika tradizionala eskaintzen du munduan zehar.

Oskia Iruñeko garraiolaria da. Belgikako toki ezberdinak zeharkatzen dituen ibilbidea egiten du egunero, eta leku batetik bestera arituko gara berarekin. Gainera, Isidro bere lagunarekin izango gara Manneke Pis eta Jeanneke Pis mitikoak ezagutzen, eta Delirium Tremends garagardotegi ezagunean amaituko dugu.

Xabier Bilbokoa da eta 23 urte daramatza Belgikan. Europako Parlamentuko auzoa ezagutuko dugu berarekin; Europako erakunde nagusien egoitzak daude bertan. Ibilbidea toki ikusgarri batean amaituko dugu, Atomiumen, hain zuzen ere.

Sergio Bilbokoa da eta Lovainako geltokian geratuko gara berarekin. Unibertsitatea ezagutuko dugu eta bertan topatuko dugu Zubietako Maria ere. Biek doktoretza egin dute Lovainako unibertsitate ezagunean, euren laborategiak erakutsiko dizkigute eta euren ikerketaz hitz egingo digute.

Errenteriako Niarekin amaituko dugu bidaia. Sei hilabete besterik ez darama Belgikan, baina etxean bezala sentitzen da. Sint-Niklaas plazan batuko gara berarekin, eta bertako zentro kulturalean dantzan amaituko dugu eguna.

'Vascos por el Mundo' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.