telebista
22:30ean
'Mendiaren 2 aldeak' dokumentala, gaur gauean, Ibon Gaztañazpirekin
EiTB
Mendiak sorrarazten digun maitasun eta gorrotoan sakonduko du. ETB1en eta eitb.eus-en izango da ikusgai.
Gaur gauean, Mendiaren 2 aldeak dokumental-erreportajea eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek. Ibon Gaztañazpi aurkezlearen eskutik, itzulia egingo dute hiru mendi ezagunetan: Anboton, Aizkorrin eta Gorbeian. Horiek gozatzearekin batera, toki magikoenak nahiz ilunenak eta pasabiderik teknikoenak ezagutuko dituzte.
Protagonista nagusi bat izango dute ibilbide bakoitzean. Leku horietan izandako esperientziak kontatuko ditu, eta bere ibilbide-profesionalaren berri emango du. Yolanda Martin, zortzimilakoen zale bizkaitarra, Gorbeian izango da; Aitziber Ibarbia, Zegama-Aizkorri lasterketako ohiko parte-hartzailea, Aizkorrin izango da, eta bukatzeko, Anboto bisitatuko dute Juanjo San Sebastian mendizale eskarmentatuarekin batera.
Gainera, beste pertsona batzuen testigantzak jasoko dituzte, mendi horietan askotariko esperientziak izan dituztenenak. Osagarri gisa, horretan aditu direnen eskutik, oinarrizko hainbat gomendio eta aholku praktiko jasoko dituzte, mendian izan beharreko jokabidearen inguruan. Besteak beste, gidari bat, klub bateko ordezkari bat, segurtasun kontuetan aditua den Bizkaiko Mendi Federazioko kide bat, mediku bat eta Ertzaintzaren Mendiko Salbamendu Zerbitzuko bi partaideren iritziak bilduko dituzte.
Hauek ere izango dira protagonista: Regil familia, Alex Ulle (Inguru Abentura enpresako ordezkaria), Alberto Aierbe (Zegama-Aizkorriren zuzendaria), Mikel Etxezarreta (Aizpeako artzaina), Jesus Cortazar (Zallako Ubietamendi klubeko lehendakari ohia) eta Juanra Madariaga (mendizalea).
Mendiaren 2 aldeak 22:30ean izango da ikusgai ostegunean ETB1en eta eitb.eus-en.