Itxi

telebista

'El Conquis'en 5. atala

Teresa joan da etxera, bere estrategia suizidaren biktima

EiTB

Urdinek irabazi dute immunitate jokoa, Enekok eta Davidek lokatza buru gainean biltzerako orduan erakutsi duten azerikeriaren ondorioz. Gorriak izan dira bigarren, eta berdeak, azkenak.

  • Teresa, Iñakik egurrezko kuboen dueluan kanporatu ondoren

    Teresa, Iñakik egurrezko kuboen dueluan kanporatu ondoren

Teresaren kanporatzea izan da "El Conquistador" saioaren hamabosgarren edizioaren lehen ezusteko handia. Talde berdeko gazte gipuzkoarra abenturan urrutira iristeko faboritoetako bat zen, baina lehiarako zuen gogo biziak bere aurka egin du. Teresak bere burua aurkeztu du duelura joateko, eta kapitainek gogo onez hartu dute gogokoen zuten taldekidearen ausardia. Jokaldia gaizki atera zaie hirurei; izan ere, lehian urrutira iristeko beste faboritoetako bat aurkitu du Teresak dueluan: Iñaki irundarra. Oztopo-lasterketetan Teresak duen palmaresaren berri bazuen ere, Iñakik nahiago izan du Loparen aurka egitea ekidin, eta bete-betean asmatu du. Egurrezko kuboen duelua oso parekatua izan da, baina Teresa bi aldiz erori da dorrea erdi eraikirik zuela, eta, ondorioz, Iñakik irabazi du. Zalantzarik gabe, Berastegiko trikitilariak lehiarako grina handia du, baina estrategia okerra erabili du. Patrik eta Nagorek gogoan hartu beharko dute gertatutakoa, eta aurrerantzean ongi hausnartu beharko dute duelurako lehiakideak hautatzerakoan.

5. atalaren beste berrikuntzetako bat Angoso taldeak immunitate jokoan lortu duen garaipena izan da. Lokatzeko desafioa aproposa izan da Enekoren eta Daviden azerikeria agerian uzteko. Urdinen kapitainak zakur zaharrak dira, eta basa buru gainean bildu dute. Horri eta garaipena lortzeko zuten fedeari esker, garaipen argia eskuratu dute. Bestalde, Manuk zenbait akats egin ditu jokoan: batetik, bere burua lokatzezko putzura bota du igerileku olinpikoa izango balitz bezala; jauzi ikusgarriaren ondorioz, denbora galdu du eta min hartzeko arriskuan egon da. Bestetik, legez kanpo bainujantzian basa biltzen saiatu da. Azkenik, Seleta konbentzitu du likrazko kamiseta ez erabiltzeko, eta jantzi horretaz baliatzea oso lagungarria izango zitekeen lokatza garraiatzeko orduan. Seletaren eta Manuren arteko harremana gaiztotzen ari da, eta badirudi gutxi barru liskarra izango dutela talde gorriaren lidergoa lortzeko.

Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.