telebista
22:30ean
Hiltzeko zorian egon direnen testigantzak, gaur gauean, 'Punto de Vista' saioan
EiTB
Bestalde, hiltzea eskatzen zuen Maribel Tellaetxe Alzheimerra zuen emakumearen senar eta semeei egindako elkarrizketa ere izango da ikusgai.
-
Iñaki Elorza aurkezlea
Hiltzeko zorian egon diren lagunen esperientzien berri izango dugu gaur ETB2ko 'Punto de Vista' saioan, 22:30ean. Bestalde, eta bizitzari sendo eutsi diotenen testigantzei kontrajarriz, Maribel Tellaetxeren senar eta semeei egindako elkarrizketa izango da ikusgai. Ziurrenik Alzheimerra zeukan emakumea bizirik zegoela haren aurrean eskaini zuten azken elkarrizketa izan zen. Hamabi urte eman dituzte senideek Maribel legezko eutanasiaren bidez hiltzea eskatzen.
Iñaki Elorzak aurkeztutako saioan, ikus-entzuleak protagonisten begietatik ikusiko du jazotzen dena, kameradun betaurrekoen bidez. Kasu honetan, heriotza gertu izan dutenen esperientziak biziko dituzte. Gaixotasun, istripu eta zorigaiztoko ezbehar batzuetatik heriotzari ihes egin dioten lagunen kontuak bilduko dituzte.
Hiru lagunek jantziko dituzte 'Punto de Vista'ren betaurrekoak, bizia galtzeko zorian egon zirenak. Olaiarentzat jaioberritan gertatu zen une hori. Gaixotasun larri bati egin zion aurre hainbat transplante izan ondoren eta 43 urteren ondoren bizirik dago. Ikerren kasuan, zaldi batetik erori eta koman sartu zen. Komatik ateratzea lortu zuen, baina berriro bizimodu normala egiteko gogotik ahalegindu behar izan da urtetan: hitz egiten, ibiltzen eta bere buruaz bakarrik baliatzen ikasi behar izan du. Santi, berriz, helikoptero istripu batetik bizirik atera zen bakarra izan zen, berarekin zihoazen beste hirurak hil egin ziren. Horiek izango dira programako protagonistak.
Ostiraletan izaten da ikusgai saioa eitb.eus-en eta ETB1en, 22:30ean.