Itxi

telebista

Estreinaldia

'El Conquistador del Caribe' saioaren estreinaldia, gaur, ETB2n eta eitb.eus-en

EiTB

Ozeano Barea utzi eta Karibe itsasora itzuliko da abenturaz jositako saio ezaguna. Gainera, ezusteko handiak izango dira, berrikuntza ugari ekarriko baititu.

1:31
Astelehenean estreinatuko du EiTBk 'El Conquistador' saioaren 16. edizioa.

Gaur gauean, 'El Conquistador' saioaren hamaseigarren edizioa estreinatuko dute ETB2k eta eitb.eus-ek. Julian Iantzik gidatzen duen realityak inoizko hasierarik ikusgarriena izango du, eta berrikuntza ugari ekarriko ditu.

Batetik, Ozeano Barea utziko du eta Karibe itsasora itzuliko da berriro abentura, 2017ko eta 2018ko agertokira. Bestetik, ezusteko handiak emango ditu, bai formatuari bai protagonistei dagokienez.

Lehiakideek muturreko abentura reality honen funtsezko zutabe izaten jarraituko dute. Aurreko urteetan bezala, baldintza gogorrak gainditu beharko dituzte, eta indarra, adimena eta estrategia funtsezkoak izango dira probak gainditzeko orduan.

Gaur gauean, Patxi Alonsok eta 'conquistologo' ezagunek aurtengo parte-hartzaileen eta kapitainen izenak emango dituzte ezagutzera. Horrez gain, Karibera iristeko modua eta lehiaketaren hasiera ikusgarriaren aurrerapena eskainiko dituzte. Julian Iantzirekin bat egingo dute zuzenean, Karibetik bertatik abenturaren nondik norakoak jakiteko: kokapena, klima, jokoaren dinamika...

Hurrengo astean, urtarrilaren 20an, lehiaketaren lehen atal osoa helduko da ETB2ko pantailetara, eta asteazkenean, hilak 22, 'El Conquis' saioaren lehen debatea izango da ikusgai. Patxi Alonsok aurkeztuko duen saioak abenturaren azterketa sakona, aurrez ikusi gabeko irudiak eta kanporatutako lehiakideei egindako elkarrizketak eskainiko ditu astero. Juanito Oiarzabal, Eider Alonso eta David Seco izango dira astelehenetako saioaren errepasoa eta hurrengo atalaren aurrerapena egitera etorriko diren adituetako batzuk.

'El Conquistador' saioa audientzia datu historikoak eskuratzeko asmoz itzuliko da ETB2ra. Hamabosgarren denboraldiak, batez beste, % 22,5eko kuota eta 317.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen. Gainera, asteleheneko ordutegi nagusian lider izan zen denboraldi osoan zehar. Bestalde, 'El Conquis' saioko debateak ere  ikus-entzuleen erantzun bikaina lortu zuen, % 12,0ko audientzia-zatia eta 182.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratuta.

Saioaren webgunera egindako bisitek eta EiTB Nahieran atarian ikusgai dauden abenturaren atalek benetako fenomeno eta gertakari bakar eta errepikaezin bihurtu dute 'El Conquis'.