Itxi

telebista

21:15ean

Fermin Muguruzaren 'Black is beltza' filmaren estreinaldia, gaur, ETB1en

EiTB

EiTBren parte hartzea duen animaziozko pelikulak Manex gazteak 60ko hamarkadan zehar egindako bidaia kontatzen du: Malcom Xren hilketa, Warhol, pantera beltzak, Kubako iraultza…

0:26
'Black is beltza' filmaren irudia

Euskal Telebistak Black is beltza animaziozko filma eskainiko du lehen aldiz telebistan gaur gauean. Fermin Muguruzaren pelikula 2018an aurkeztu zen lehendabizi aldiz  Torontoko Zine Jaialdian, eta, ondoren, Donostia Zinemaldian. Jarraian, areto komertzialetan eskaini zen, eta, orain, telebistako estreinaldia dator. EiTBren parte hartzea duen ikus-entzunezkoak Manex gazteak 60ko hamarkadan zehar egindako bidaia kontatzen du: Malcom Xren hilketa, Warhol, pantera beltzak, Kubako iraultza... 

1965eko urrian abiatzen da istorioa: Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso du, baina agintari ipar-amerikarrek debekatu egingo dute erraldoi beltzen parte-hartzea, arrazakeria gaiak tarteko. 

Manexek erraldoi beltz horietako bat eramateko ardura zuen. Konpartsako kideei inposatutako erabakia onartu izana deitoratuko die eta etxera berriz ez itzultzeko erabakia hartuko du. Gaztearen begiradaren bitartez, 60ko hamarkadaren erdialdean gizartea irauli zuten gertakariak ezagutu ahal izango ditugu: Malcom Xen hilketak eragindako kale gatazkak, Warholen faktoriako atmosfera bitxia, Black Pantherren eta Kubako zerbitzu sekretuaren artean sortutako harremana, hippy mugimenduaren hastapenak, lehen musika jaialdi erraldoietako giro psikodelikoa... 

New Yorkeko gertaeraren berri izan eta ondoren Kubara egindako bidaia batean bizitako esperientziaren ondotik sortu zuen Fermin Muguruzak Black is beltza, lehendabizi komiki formatuan, Harkaitz Cano idazlearen eta Jorge Alderete ilustratzailearen laguntzaz. Pelikularen gidoian, Canorekin batera, Eduard Solak ere parte hartu zuen. Akzio eta espioi istorio honek musika, maitasuna eta iraultza uztartzen ditu. 

Unax Ugalde, Isaach de Bankole, Iseo, Sergi Lopez, Ramon Agirre, Rossy de Palma, Ramon Barea, Willy Toledo, Angelo Moore, Maria de Medeiros, Jorge Perugorria, Hamid Krim eta Emma Suarez aktoreek jarri diote ahotsa Manexen istorioari. Bestalde, soinu banda osatzeko, Raul Fernandez, Anari, Maika Makovski, Manu Chao, Yacine, Ana Tijoux, Brenda Navarrete, Sonido Gallo Negro, Lengualerta, Ceci Bastida eta Iseoren laguntza izan du Fermin Muguruzak. 

Black is beltza filma gaur izango da ikusgai, 21:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.