Itxi

telebista

22:15ean

Uraren oraina eta etorkizuna, gaur gauean, "Aquí y Ahora" saioan aztergai

EITB Media

Datu-kazetaritza programak adituen testigantzak bilduz uraren auzian sakonduko du.

  • Nerea Reparaz eta Eider Hurtado

    Nerea Reparaz eta Eider Hurtado. EITB Mediako bideo batetik lortutako irudia.

Igande honetan, apirilak 18, "Aquí y Ahora" saioak El poder del agua que consumimos erreportajea eskainiko du. 22:15ean izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en, Eider Hurtado eta Nerea Reparaz aurkezleen eskutik. 

Ura baliabide mugatua da eta denok ez dugu modu berdinean eskuratzerik. Zenbat xahutzen dugu ondorioak neurtu gabe? "Aquí y Ahora" datu-kazetaritza saioak uraren auziari helduko dio, eta horretarako Gonzalo Delacámara NBEko aholkulariaren eta Julen Rekondo anbientologoaren testigantzak bilduko ditu. 

Nerea Reparaz kazetariak, gainera, ondasun unibertsal honen inguruko daturik esanguratsuenak eskainiko ditu: botilako ur mineralak 960 milioiko ekarpena egiten dio urtero Estatuko ekonomiari. Espekulazioa ere sortarazi du, eta honi buruz jardungo dira uraren zuzenbidean aditua den Pilar Esquinas abokatuarekin. Gainera, ura Wall Streeten kotizatzen hasi dela jakin da, eta saioan berri hau sakon aztertuko dute. 

Halaber, beste hainbat interesgunetatik helduko diote uraren gaiari. Nola baldintzatzen du garapena? Zenbat ur dago? Nola banatzen da? Nola aldatzen ari da oreka hori? Galdera hauei erantzuteko, Iñaki Arrate (URA Agentzia) eta Unai Lerma (Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa) hartuko dituzte solaskide. Irene Zafrak, botilaratutako uraren patronaleko zuzendariak, sortzen duten negozio-bolumenari buruz hiz egingo du. 

Gainera, AZTI eta Basque Centre for Climate Change erakundeetako ordezkariek dagoeneko pairatzen ari garen klima-aldaketaren ondorioak azalduko dituzte. Hegaluzea uraren beroketara egokitzen ari denez, euskal arrantzaleak denboraldia aurreratzen eta ibilbidea aldatzen hasi dira. Gainera, Euskadiko hirigintza-planetan aldaketa nabarmenak proiektatzen hasi dira gero eta ohikoagoak diren uholdeen aurka borrokatu ahal izateko. Azkenik, erreportajeak etorkizunari buruzko galderak ere planteatuko ditu; uneren baten Kantauri itsasertzeko hondartzak galduko ote ditugun, esaterako.

El poder del agua que consumimos erreportajea, "Aquí y Ahora" saioan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.