telebista
22:30ean
'San Andrés' filma eskainiko du, gaur gauean, "La Noche De…" saioak
EITB Media
Dwayne Johnson, Alexandra Daddario eta Paul Giamattiy dira protagonistak, eta Kalifornian girotutako akzio filma da. San Andres failak eragindako lurrikara baten ostekoa du ardatz.
-
'San Andrés' filmaren irudia
Gaur gauean, San Andrés (San Andreas, 2015) pelikula eskainiko du ETB2ko "La Noche De…" zinema saioak. Brad Peyton zinemagileak zuzenduta, Dwayne Johnson, Alexandra Daddario, Paul Giamattiy eta Carla Gugino dira protagonista nagusiak.
Akzio eta suspense lan bat da, eta lurrikara bat du erdigunean. Izan ere, San Andres failari egiten dio izenburuak erreferentzia, eta Kalifornia astinduko duen 9 mailako lurrikara bat du abiapuntu. Erreskate lanetan aritu ohi den helikoptero-pilotu batek eta haren emazte ohiak bidaia arriskutsua egin beharko dute Los Angelesetik San Frantziskora, alaba erreskatatzeko.
Pelikularen emanaldiaren aurretik, Felix Linaresen saioak Emily Blunt aktorea izango du hizpide, eta haren familiako hainbat kideren inguruan arituko dira, ezagunak baina ez bakarrik zinema munduan.
Elton Johnen bizitza ere izango dute mintzagai: bere haurtzaroa, nola lortu zuen arrakasta, zein izan zen bere emanaldirik ikusiena eta bestelako xehetasun batzuk ere, tartean zenbat betaurreko dituen. Rocket Man datorren asteko estreinaldiaren atarikoa izango da hau, Elton Johnen bizitzan oinarritutako filma eskainiko baitu "LND" saioak ekainaren 29an.
Azkenik, Tu cara me suena atalean, Hollywoodeko bi izar ekarriko dizkigute aste honetan, makillaje azpian nortzuk dauden asmatzeko erronkarekin.
"La Noche De... San Andrés", gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus.