Itxi

telebista

22:30ean

Gaur gauean estreinatuko da Dani Álvarezen "El día de mañana" saio berria, ETB2n eta eitb.eus-en

Elkarrizketa saio berria da "El día de mañana", Dani Álvarezen ukitu pertsonal eta bereziarekin. 'Edurne Pasaban: entre el cielo y el infierno' da lehen atalaren izenburua.

1:14
Dani Álvarez,

Gaur gauean estreinatuko da ETB2n eta eitb.eus-en "El día de mañana" elkarrizketa saio berria, Dani Álvarezen ukitu pertsonal eta bereziarekin. Astero, hainbat aurpegi ezagun, entzutetsu eta esanguratsuren alderik pertsonalena ekarriko digu, aktualitateari lotuta eta modu sakonean, guztion ahotan dauden gaiak hizpide hartuta.

Edurne Pasaban izango da lehen programako protagonista, 'Edurne Pasaban: entre el cielo y el infierno' izenburupean. Goi mailako alpinistak marka historikoa lortu zuen, hamalau zortzi milakoak igo zituen lehen emakumea izan baitzen; depresio baten ondorioz, baina, behea jo zuen maila pertsonalean. Horretaz guztiaz hitz egingo du Dani Álvarezekin, bizitza, heriotza, adiskidetasuna, amodioa eta mendiarekiko pasioa hizketagai izango dituen elkarrizketa batean. Edurne Pasaban telebistan inoiz ikusi ez dugun bezala erakutsiko digu solasaldiak.

Izan ere, programaren lehen atal honek osasun mentala jorratuko du, pandemiaren ondorioz inoiz baino gehiago azaleratu den gaia.

Joaquín Achúcarro, Miren Arzalluz, Gabriel Rufián eta Ernesto Valverde, besteak beste

Aste hauetan zehar esparru ezberdinetako izen eta aurpegi ezagunekin hitz egiteko aukera izango du Danik Alvarezek. Protagonisten artean izango dugu Joaquín Achúcarro piano-jotzailea, 88 urte pasatxo oraindik ere munduan zehar emanaldiak eskaintzen dituen musikari handia. Atapuercara ere egingo du bidaia Danik, Juan Luis Arsuaga eta Paco Etxeberriarekin gure arbasoen sekretuak gertutik ezagutzeko.

Politika egiteko duen modu bereziaz aritu da Gabriel Rufiánekin; eta Europan muturreko eskuinaren gorakada aztertuko du Sami Nair politologoarekin, Ane Irabazal kazetariarekin eta Antonio Scurati idazlearekin.

Miren Arzalluz Pariseko Moda Museoaren zuzendariarekin ere hitz egingo du, modaren munduaren egin duen ibilbideaz, eta baita Xabier Arzalluz Mirenen aitaren esparru gertukoenaz. Ernesto Valverde futbol entrenatzaileren alderik artistikoena erakutsiko digu "El Día de Mañana" saioak, eta Fernando Aramburu idazlearekin ere izango da Dani, Patria osteko eleberria berriaren argitalpenarekin.

Dani Álvarezen eskutik, gaur estreinatuko da "El Día de Mañana" saio berria, 'Edurne Pasaban: entre el cielo y el infierno' izenburua duen atalarekin. 22:30ean izango da, ETB2n eta eitb.eus-en.