Itxi

telebista

22:30ean

Euskadiko komunitate musulmana izango da gaurko protagonista "Aquí y Ahora" saioan

EITB Media

Eider Hurtadok Euskadin bizi diren gizon, emakume eta familia musulmanen istorioak ekarriko dizkigu gure gizartean integratuta bizi den komunitate handi honen errealitatea erakusteko.

  • Eider Hurtado kazetaria

    Eider Hurtado kazetaria. Argazkia: EITB Media

Gaur gauean, Euskadin bizi diren gizon, emakume eta familia musulmanen istorioak ekarriko dizkigu "Aquí y Ahora" saioak, gure gizartean integratuta bizi den komunitate handi honen errealitatea erakusteko helburuarekin. Izan ere, Euskadiko bigarren komunitate migranterik handiena da, 45.000 pertsonak osatua. Eider Hurtadok gidatutako saioak gure gizartean bi kulturen arteko elkarbizitza nolakoa den erakutsiko digu.

Albistegietako titularretan ikusi izan ditugun bizitzak dira: kamioi baten azpian ezkutatuta Euskadin sartu diren gazteak, hizkuntza ezagutu gabe gure lurraldean bizitzea lortu zuten 70. hamarkadako immigranteak eta euskara ama hizkuntza duten bigarren belaunaldiko etorkinak.

Horien artean, Eider Hurtadok Hossain Kaanachi gazte oriotarra ezagutuko du, herrian guztiz integratuta dagoen marokoarra. Bere gurasoak duela 47 urte heldu ziren eta euren seme-alabak ikastolara eramatea erabaki zuten. Harekin eta bere familiarekin afizioak eta identitate kontuak hartuko ditu hizpide Eiderrek. Yasmin Bergarako ikasle unibertsitarioa ere harritu egiten da bere jatorriaz galdetzen diotenean, familia pakistandarra izan arren, euskalduna sentitzen delako.

Ayoub, bere aldetik, Marokotik etorri zen bere ikasketetan aurrera egiteko, eta gaur egun, Deustuko Unibertsitatean ingeniari informatiko gisa lan egiten du. Bestalde, Ben Ali 73 urteko Ibarrako auzokidea EPAn matrikulatu da idazten eta irakurtzen ikasteko.

Euskaldunen eta musulmanen arteko harreman sareak ere azalduko ditu saioak. Mostaphak ondo ezagutzen du Bilbo, baita hiria ezagutu gabe etortzen direnen beharrak ere. Ridouane, adibidez, itsasontzi batean polizoi bezala irten zen bere herrialdetik duela 20 urte, eta orain, egoera oso zailetan heltzen diren gazte etorkinen harrera elkarte bat kudeatzen du.

Amaitzeko, Tolosako mezkitara hurbilduko dira, non Abdeljalil Bouali imanaren erritoak ezagutuko dituzten. Koranaren jarraitzaile sutsu honek erradikalizazioa ekiditeko bidea koranaren interpretazio egokia dela azalduko du.

"Aquí y Ahora" gaur izango da ikusgai 22:30etik aurrera ETB2n eta eitb.eus-en.