telebista
Saio berria
Helena Resanok aurkeztutako "12 Líderes" talent-show berria, gaur gauean, ETB2n
EITB MEDIA
Kazetari nafarrak programa berria aurkeztutako du, zuzenean. Bertan etorkizuneko euskal gizartearen erreferentziazko liderrak bilatuko dituzte. 12 parte-hartzailek hainbat proba gainditu beharko dituzte, eta bertan erakutsi lider izateko, argudiatzeko eta erronkei aurre egiteko gaitasuna.
-
Helena Resano
Gaur gauean "12 Líderes" estreinatuko du EITBk, Helena Resano kazetari nafarrak aurkeztutako talentu-show berria. 22:15etik aurrera izango da ikusgai, zuzenean, ETB2n eta eitb.eus-en.
Programak etorkizuneko euskal gizartearen erreferentziazko liderrak aurkitu nahi ditu, eta, horretarako, 12 parte-hartzaile izango ditu. Hainbat proba gainditu eta lider izateko gaitasunak, argudiatzeko gaitasunak eta egungo eta etorkizuneko erronkei buruzko ikuspegia erakutsi beharko dute. Hala, ezagutza, enpatia, logika, komunikazioa, karisma eta talde-lanerako gaitasuna jorratuko dituzten probei egin beharko diete aurre hautagaiek. Banakako eta taldeko probak izango dira.
Hautagaiak eta aholkulariak
Adrián Fernandez, Samuel Vidal, Javier García, Aitor Ugarte, Ander Pérez, Saioa Uriarte, Mireia Muñiz, Nekane González, Umetha Chouwey, Natalia Pérez, Maitena Urmeneta eta Heiko Elvira dira 12 hautagaiak.
Astero horietako bat kaleratuko dute eta, hortaz, batek bakarrik lortuko du saioaren bukaeran liderra izatea. Hautagai bat kaleratzez gain, aste bakoitzean saio horretako liderrik onena ere aukeratuko da, eta immunitatea lortuko du hurrengo asteko emanaldira begira. Eraztun batek eman dio botere hori.
Helena Resanorekin batera, programak hiru aholkulari edo mentore izango ditu, hautagai bakoitza baloratzeko eta horiei aholkuak emateko. Zeregin horretaz arduratuko dira Santi Pisonero (soziologoa, gizarte eraldaketan aditua), Asier Zuazo (psikologoa, oratorian eta komunikazioan aditua) eta Marta Moure (casting zuzendaria eta ikus-entzunezko komunikazioan aditua). Gainera, astero gonbidatu bat egongo da eztabaidetan aukeratutako gaiari buruz hausnarketa egiteko.
Gizarte-eraldaketa
Gizartearen zerbitzura dagoen telebistaren apustuari erantzuten dion proiektua da "12 Líderes", aro digitalarekin lerrokatua, gizarteari balioa eskaini nahi dion proiektu berritzailea. Halaber, oraingo eta etorkizuneko erronken aurrean irtenbide berriak bilatu eta eskaini nahi ditu, talentua eta lidergoa bultzatu. Hori dena EITBren kausak eta Garapen Jasangarriko Helburuak ahaztu gabe, noski. Eraldaketa soziala eta lidergoa telebistara eta crossmediara eraman nahi ditu "12 Líderes" saioak.
12 Líderes komunitatea
Crossmedia izaera horri lotuta, proiektuak ikus-entzuleekiko interakzioa bilatuko du 12lideres.eus komunitatearen bidez. Etxetik, ikus-entzuleek aukera izango dute hautagaiak zuzenean baloratu eta epaitzeko. Komunitate digital horren bidez egingo dute, ikusleek modu aktiboan parte hartu eta iritzia eman ahal izango baitute saioan zehar. Programak, gainera, kanal propioa izango du Twitchen. Ideiak eskaini eta komunitate digitalean parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete 12lideres.eus webgunean.
Kalicon Mediak eta EITBk sortu dute talent show berri hau.