Itxi

Abiapuntua

Abiapuntua

Abiapuntua

22:30ean

Aurreiritziak apurtzen lagunduko gaituen "Abiapuntua" saio berriaren estreinaldia, gaur gauean

EITB Media

Xabier Madariagak aurkeztuta, jakin gabe izaten jarraitzen ditugun aurreiritziak islatuko ditu "Abiapuntua" saioak, sei gazte protagonistak biziko dituzten esperientzia ezberdinen bitartez.

0:36
Saioan parte hartuko duten 6 gazteak

Gaur gauean, "Abiapuntua" saio berria estreinatuko du ETB1ek, Xabier Madariagak aurkeztuta. Jakin gabe izaten jarraitzen ditugun aurreiritziak islatuko dituen saioa izango da, gure benetako uste eta sinesmenen inguruko test soziala. Arrazistak gara? Homofoboak? Berdin tratatzen ditugu pertsona guztiak? Preso ohiak, aniztasun funtzionala, homosexualitatea, arraza ezberdinak edota zahartzaroa, modu naturalean onartzen ditugun errealitateak al dira? Edo, tolerante eta irekiak garela pentsatzen dugun arren, aurreiritziekin jokatu eta gure inguruko pertsonak kategoria ezberdinetan sailkatzen ditugu?

Asteazkenero, "Abiapuntua" saioak gai bat landuko du sei gazte protagonisten bizipenen bitartez. Janire Matilla, Andoni Andueza, Maider Uribarri, Gorka Basterretxea, Lorea Iribar eta Joseba Loyarte gazteak, hiru bikotetan banatuta, esperimentu sozial berri honen protagonistak izango dira.

Saioaren helburua gure aurrean ispilu bat jartzea izango da, eta gazteek biziko dituzten esperientziak gure aurreiritzi sozialen isla izango dira. Askotan modu kontzientean ez ditugun iritzi eta sinesmenak erakutsiko dizkigute hesi sozial hori apurtzeko asmoarekin.

Ezagutzaren bide honetan, eurentzat ezohikoak diren egoera eta errealitate desberdinak bizitzeko aukera izango dute gazteek. Programak ongizate-zonatik ateratzera behartuko ditu. Lehenbizi, atal bakoitzaren hasieran, Xabier Madariaga aurkezleak gaia aurkeztuko du eta gazteei jarraibideak emango dizkie. Astero aldatuz joango diren bikoteak, 48 orduz, dagokien errealitatera bidaliko ditu. Bizipen horien ostean, sei gazteak elkartu egingo dira berriro. Bizipenen inguruko gogoeta egingo dute, sentitutakoa partekatuko dute eta ondorioak aterako dituzte.

"Abiapuntua" esperimentu soziala da eta sei gazte protagonistei ez ezik, saioaren ikus-entzule eta jarraitzaileei zabalduko zaie parte hartzeko aukera. Esperimentuak astero sareetara eramango dituzte ere, jorratu den gaiari buruzko inkesta bat luzatuz.

Lehen atala, Oztopoak gaindituz

Lehen atalaren gaia aniztasun funtzionala da. Baina zer esan nahi du horrek? Ez da ezgaitasuna definitzeko erabiltzen den terminoa, ezberdin funtzionatzeko gaitasuna definitzeko baizik. Mugimendu urritasuna, ikusmen urritasuna eta entzumen urritasuna duten pertsonen errealitatean murgilduko dira "Abiapuntua" saioko gazte protagonistak, Martin Perez, Maialen Solaun eta Ander Bedialauneta bidelagun .

Gazteek gaiari buruz dakiten guztia zalantzan jarriko du "Abipuntua"k. Aurretik aitortutako aurreiritzi eta jarreren aurrean nola moldatzen diren eta errealitate zehatz hori ulertzeko modua aldatuko ote duten azalduko du saioak.

EITB, zerbitzu publikoa

EITBk, bere zerbitzu publiko izaerari jarraituz, euskal gizartearen aniztasuna gerturatuko die ikus-entzuleei. Izaera sozial handiko saio honek begiak ireki nahi izango dizkigu errealitatea ulertu eta gure sinesmenen inguruko hausnarketa egiteko. EITBk gizartearen formakuntzan eta transformazioan parte hartze aktiboa izatea du helburu, eta saio berri honekin aurreiritzien hesi soziala apurtzeko hausnarketa bultzatuko du, gizartea hobetzen laguntzeko telebista edukien aldeko Tv that matters nazioarteko pentsamoldearekin bat eginez.