Itxi

Abiapuntua

Abiapuntua

Abiapuntua

22:30ean

'Abiapuntua'k gizarte bazterketa bizi duten pertsonak ezagutuko ditu gaur gauean

EITB Meia

Xabier Madariagak aurkeztutako saioak emisio eguna aldatu du eta astearteetan emitituko da. Aste honetako atalean, egoera ezberdinek bultzatuta gizartetik kanpo bizi diren pertsonen errealitatean murgilduko dira sei gazte protagonistak.

0:37
Janire Matilla eta Gorka basterretxea, preso batekin

Gaur gauean, egoera ezberdinek bultzatuta gizartetik kanpo bizi diren pertsonen errealitatea ezagutuko dute "Abiapuntua" saioko gazte protagonistek. Jakin gabe izaten jarraitzen ditugun aurreiritziak islatuko dituen saioa izango da, gure benetako uste eta sinesmenen inguruko test soziala. Berdin tratatzen ditugu pertsona guztiak? Edo, tolerante eta irekiak garela pentsatzen dugun arren, aurreiritziekin jokatu eta gure inguruko pertsonak kategoria ezberdinetan sailkatzen ditugu?

Astearte honetan, Janire eta Joseba Bilboko kaleetan dauden etxegabeekin egon eta haien historia eta egunerokoa ezagutzera joango dira. Gainera, Gorkak eta Loreak jantoki sozialetako errealitatea lehen eskutik biziko dute.

Bestalde, Maider eta Andoni Mikel Goñirekin elkartuko dira eta pilotari ohiak kartzelan dagoenetik emango duen lehendabiziko elkarrizketa izango da. 2018an espetxeratu zuten Mikel Goñi, eraso eta estortsioa leporatuta. Espetxetik irteteko baimen bat baliatuz, "Abiapuntua"ko gazteekin izan da, eta egoerari buelta eman eta hortik ikasteko prest dagoela esango die.

Gainera, azken orduan, Gorka eta Janire Zaballako kartzelara bidaliko ditu Xabier Madariagak bertako preso batekin kartzela barruko bizitza ezagutzeko.

Gora-beheraz jositako saio honetan gazteek begiak ireki eta orain arte ikusezinak zitzaizkien errealitateak ikusiko dituzte. 

Xabier Madariaga kazetariak aurkeztutako saioaren helburua gure aurrean ispilu bat jartzea izango da, eta gazteek biziko dituzten esperientziak gure aurreiritzi sozialen isla izango dira. Askotan modu kontzientean ez ditugun iritzi eta sinesmenak erakutsiko dizkigute hesi sozial hori apurtzeko asmoarekin.

Bizipen horien ostean, sei gazteak elkartu egingo dira berriro. Bizipenen inguruko gogoeta egingo dute, sentitutakoa partekatuko dute eta ondorioak aterako dituzte.

"Abiapuntua" esperimentu soziala da eta sei gazte protagonistei ez ezik, saioaren ikus-entzule eta jarraitzaileei zabalduko zaie parte hartzeko aukera. Esperimentuak astero sareetara eramango dituzte ere, jorratu den gaiari buruzko inkesta bat luzatuz.

Ez ezazu galdu "Abiapuntua", asteartero, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.

EITB, zerbitzu publikoa

EITBk, bere zerbitzu publiko izaerari jarraituz, euskal gizartearen aniztasuna gerturatuko die ikus-entzuleei. Izaera sozial handiko saio honek begiak ireki nahi izango dizkigu errealitatea ulertu eta gure sinesmenen inguruko hausnarketa egiteko. EITBk gizartearen formakuntzan eta transformazioan parte hartze aktiboa izatea du helburu, eta saio berri honekin aurreiritzien hesi soziala apurtzeko hausnarketa bultzatuko du, gizartea hobetzen laguntzeko telebista edukien aldeko Tv that matters nazioarteko pentsamoldearekin bat eginez.