Abiapuntua
Denboraldi berria
"Abiapuntua" saioaren bigarren denboraldiaren estreinaldia, gaur, EITBn
EITB Media
Xabier Madariagak aurkeztuta, astero 6 gazte ezberdin izango dira programako protagonistak. Bikoteka, hainbat gairi lotutako errealitateak ezagutuko dituzte; eta, jakin gabe norekin aurkituko diren, galdera sorta bat erantzungo dute gaiari buruz dituzten aurreiritziak eta pentsamoldeak azaleratzeko.
-
Xabier MAdariaga "Abiapuntua" saioaren aurkezlea
Gaur estreinatuko da "Abiapuntua" programaren bigarren denboraldia EITBn. Xabier Madariagak aurkeztuta, ostegun gauero ikusi ahal izango dugu esperimentu soziala ere baden saio berezi hau, 22:30etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Lehen denboraldian bezala, aurreiritziak kolokan jarri eta horiek apurtzen laguntzeko xedea du; baina, oraingoan, berrikuntza batekin dator saioa. Izan ere, astero, sei gazte ezberdin izango dira protagonistak. Bikoteka gai desberdinekin lotutako errealitateak ezagutuko dituzte; eta, jakin gabe norekin aurkituko diren, galdera sorta bat erantzungo dute gaiari buruz dituzten aurreiritziak eta pentsamoldeak azaleratzeko helburuarekin. Errealitate hauetan murgildu ostean, sei gazteak Xabier Madariagarekin elkartuko dira eta bizi izan duten esperientzia ikusteko, aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute. Bertan jakingo dugu gazteen iritziak eta pentsamenduak aldatu diren ala ez.
Astearte honetan, martxoak 14, egin da denboraldi berriaren aurkezpena EITBren Bilboko egoitzan. Bertan izan dira Unai Iparragirre, ETBko zuzendaria; Xabier Madariaga, saioaren aurkezlea; David Castaño programako zuzendaria, Oscar Perez eta Idurre Cajaraville Baleuko ekoiztetxeko ordezkariekin batera; eta saioan parte hartuko duten hainbat gazte ere. Zehazki, Maria Blanco, Irune Sorazu, Jasone Alonso, Borja Martinez de Antoñana, Markel Trecet, Madga Adam, Maider Zubiete, Cristian Eyang, Iker Clavero, Mikel Sarrionandia, Andoni Lejardi, Aitor Calzada eta Ines Wolding izan dira ekitaldian.
Denboraldi berriaren aurkezpena
Unai Iparragirrek azpimarratu duenez "denboraldi honek saioaren mami eta izpirituari eusten dio: gazteak errealitate diferenteak bizitzea da funtsa, eta ondoren hausnarketa egitea", azaldu du. "Horretan dago, gainera, saioaren arrakastaren giltza", gaineratu du Iparragirrek.
Unai Iparragirre @euskaltelebista -ko zuzendariak #AbiapuntuaETB denboraldi berriaz hitz egin digu. pic.twitter.com/CWeEPtkDtE
— EITB Komunikazioa (@eitbtaldea) March 14, 2023
Besteak beste, arrazakeria, bizitzeko eredu desberdinak, sare sozialak, genero identitatea, genero berdintasuna… jorratuko dituzte denboraldi berri honetan.
Gorputz ez-normatiboak, lehen atalean
Denboraldi berriko lehen atalean, gorputz ez-normatiboak dituzten hainbat pertsonaren errealitatearen berri izango dute. Horretarako, Xabier Madariagak sei gazte gonbidatuko ditu pertsona horiek jasaten dituzten aurreiritzien eta oztopoen inguruan hausnarketa egiteko.
Akondroplasia duen 29 urteko gaztearen errealitatea gertutik ikusiko dute, eta loditasunagatik bizitzako hainbat esparrutan epaituta sentitu den 25 urteko emakumearen testigantzak ere ezagutuko dituzte. Horrez gain, ezkerreko besoa ondo garatu ez zitzaiolako berau ebaki behar izan zioten 30 urteko gaztearekin ere izango dira lehen saio honetako protagonistak. Esperimentu baten bitartez, gainera, sei gazteek beraien larruan biziko dute zer den itxura fisikoagatik epaituta izatea.
Europako telebista publikoen elkartearen saria
EITBk, bere zerbitzu publiko izaerari jarraituz, euskal gizartearen aniztasuna gerturatu nahi die oraingoan ere ikus-entzuleei. Gizartearen formakuntzan eta transformazioan parte hartze aktiboa izatea du EITBk helburu, eta saio honekin aurreiritzien hesi soziala apurtzeko hausnarketa bultzatu nahi du bigarren denboraldian ere, gizartea hobetzen laguntzeko telebista edukien aldeko Tv that matters nazioarteko pentsamoldearekin bat eginez.
Hain zuzen ere, irizpide eta xede horiei lotuta, nazioarte mailan saria jaso zuen joan den urtean "Abiapuntua" saioak. "Abiapuntua: Oztopoak gaindituz" atalak Minorities in society (Gutxiengoak gizartean) saileko golardoa eskuratu zuen Europako hedabide publikoen elkarteak emandako Europako Prix CIRCOM sarietan.