Arte[faktua]
ETB1en
Elizabeth Macklin gonbidatu, 15:00etan, 'Arte[faktua]'n
EiTB
Bilboko alde zaharrean eta Mesedeetako kaiaren inguruan egin dio elkarrizketa Yolanda Mendiolak Amerikako Estatu Batuetako poeta euskaldunari.
-
Elizabeth Macklin
Elizabeth Macklin (New York, 1952) Amerikako Estatu Batuetako poeta euskaldunari elkarrizketa egingo dio Yolanda Mendiolak aste honetako 'Arte[faktua]'n. Espainiar Hizkuntza eta Literatura ikasketak amaiturik, The New Yorker aldizkari ospetsuan lan egin zuen hogeita bost urtez, estilo zuzenketak egiten.
Bernardo Atxagaren Obabakoak eta Gizona bere bakardadean ingelesez irakurrita piztu zitzaion euskal literaturarekiko jakin mina. 1999an etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, Amy Lowell Poetry bekari esker; atzerrian urtebeteko egonaldian, bertako hizkuntza ikasteko aukera ematen du beka horrek. Geroztik, urtean bi bider etorri ohi da Bilbora. Freelance editore gisara lan egiten du gaur egun, eta ingelesez argitaratu nahi diren The Basque Literature Series saileko itzulpenetan dihardu.
Euskal Literaturak Ameriketako Estatu Batuetan dituen enbaxadore saiatuenetakoa da Elizabeth Macklin. 2003. urtean berak antolatu zituen Kirmen Uribek eta hiru euskal musikarik —Rafa Ruedak, Bingen Mendizabalek eta Mikel Urdangarinek— egindako Zaharregia, agian txikiegia poema liburu-diskoaren aurkezpen ekitaldiak Estatu Batuetan.
Macklinek gonbidatuta Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kultur eragilea etorriko da 'Arte[faktua]'ren bigarren zatira. Kazetaria, musikaria eta zine-zuzendaria da Oier Aranzabal. Iazko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuen Margolaria izeneko film dokumentala. Bertako protagonista da Mikel Urdangarin kantaria, eta aktore gonbidatua Elizabeth Macklin poeta. Artista baten bizimoduaren inguruko hausnarketa proposatzen du lanak.
Irakurlearen tartean, Bilboko Lizardi AEK euskaltegiko irakasle Aitor Fernandez de Marikorenak Ekialde hurbila liburua gomendatuko digu. Ane Irazabal, Karlos Zurutuza eta Mikel Ayestaran erreportariek idatzia, lurralde horretako iragana, oraina eta geroari buruzko hausnarketa da liburua.
Galdetegia sailean, euren liburu gustukoen berri emango dute Katixa Agirrek, Mariasun Landak eta Aritz Brantonek. Bixintxo Bilbao pilotariak ere bere zaletasun literarioak nondik norakoak diren azalduko du.
Aste honetako booktubea Nerea Alias, telebistako kazetariak, egingo du Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao liburua gomendatuz.
Liburu-denden gomendioek, pitxiek eta 'Arte[faktua]'ko erredakziora iritsitako azken liburuek osatuko dute saioa, gaur, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.