Asko maite zaitut
Omenaldiak famatuei
Elena Irureta izango da lehen omendua 'Asko Maite Zaitut'en itzuleran
A.E. | EiTB
Zuhaitz Gurrutxagaren gidaritzapean, gaur ekingo dio denboraldi berriari saioak, 22:00etatik aurrera.
Zuhaitz Gurrutxagaren gidaritzapean, gaur ekingo dio denboraldi berriari 'Asko Maite Zaitut' saioak, eta Elena Irureta aktore zumaiar ezaguna izango da lehendabiziko protagonista . Datozen asteetan, besteak beste, Jose Luis Korta, Markel Irizar eta Maider Unda ikusi ahal izango ditugu.
'Asko Maite Zaitut' saioak hurbilen ditugunei maite ditugula esaten laguntzen digu. Saioaren xedea ez da aldatu bigarren denboraldi honetan: omenaldiaz ezer ez dakien omendua ezustean harrapatu eta bizitzako oparirik ederrenetakoa egitea. Maitasun aitortza xume eta eder bat.
Igandeko kasuan, Elena Iruretaren familia osoaren izenean, Telmo Irureta Elenaren iloba kuttuna izango da omenaldiaren bultzatzaile nagusia. Gaixotasun bat medio, gurpildun aulkian dabil Telmo, baina horrek ez dio galarazi bere ametsa betetzea: aktore izatea. Helburu horretan bidelagun eta eredu izan du izeba, eta horregatik eskertu nahi dio Elenari bere alde egin duen guztia. Telmoren eskutik ezagutuko dugu aktore arrakastatsuaren atzean ezkutatzen den emakume indartsu eta xamurra.
Elena Iruretak 30 urte baino gehiago daramatza aktore lanetan, eta zinema, antzerki zein telebistaren munduan lan arrakastatsu askotan aritu da. Ikusle askok gogoan dituzte oraindik Ama begira zazu edo El florido pensil antzerki lanak, baita 'Jaun eta Jabe' edo 'Bi eta Bat' telesailak ere. Euskal Herrian aktore ezagun eta maitatua izateaz gain, Elena Iruretak Madrilgo produkzio entzutetsu askotan ere egin du lan; 'Al Salir de Clase' eta 'El Comisario' telesailetan, esate baterako.
Omenaldi berezi eta hunkigarri honetan, gertuko lagunez gain, Euskal Herriko zein kanpoko aktore ezagunak elkartuko dira, baina denen gainetik bere bi ahizpak nabarmenduko dira: Aizpea Goenaga eta Loli Astoreka aktoreak. Goenagak eta Astorekak inork baino hobeto ezagutzen dute Elena, eta oroitzapenak gogoratuz, bere ibilbide profesionalaren errepaso umoretsua egingo dute.
Ez da umorerik eta malkorik faltako 'Asko Maite Zaitut' saioaren denboraldi berrian. Gaur gauean, 22:00etatik aurrera, Elena Irureta protagonista izango duen omenaldia ikusgai, ETB1en eta eitb.eus-en.