Aulki Jokoa
22:30ean hasita
Errimatuta dator gaur gauean 'Aulki-jokoa'
A.E. | EiTB
Txapelketa Nagusiko 'kartzela'ko arduradunetako batek, Ander Elortegik, bere zeregina zein den kontatuko du.
Errima garrantzitsua da bertsoak sortzeko, eta hori izango du ardatz gaur gaueko 'Aulki-jokoa' saioak. Ander Elortegi Txapelketa Nagusiko kartzela-ko arduradunetako bat da, eta bere zeregina zein den kontatuko du.
Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus izango dira 'Aulki-jokoa' saioko protagonistetako bi. Etxean ikasi zuten bertsotan, eta bakoitzak bere modura bizi du bertsolaritza. Oinarri beretik abiatutako bi bideak elkartuko dituzte astelehenean; ahal bada, bertsotan. Horrez gain, Jon Maiarekin doinuen bide ezkutuetan ibiliko dira, eta latinez egingo dute bertsotan Anjel Mari Peñagarikanorekin.
Txapelketa Nagusiko saioetan, bertsolariekin egon ohi da Ander Elortegi. Kartzeleroa da bera, eta bere ardura da bertsolariak zaintzea, kartzela-ko egonaldia goxatzea eta joan-etorrietan laguntzea. Berarekin ibiliko da Edurne Azkarate Durangoko saioan, eta inoiz telebistan ikusi ez diren uneak erakutsiko dizkigute.
Durangoko bertsoaldi onenak, Andoni Egañak hautatuta
Igandean Durangon jokatu da Txapelketa Nagusiko laugarren finalaurrekoa, lehen itzuliko azkena. Aitor Mendiluze, Iñaki Apalategi, Jon Maia, Miren Amuriza, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ari dira kantuan, eta bertako bertsoaldi onenak ekarriko ditu Andoni Egañak. Saioa amaitzeko, errima izango du aztergai zarauztarrak. Zer bertsolari izango ote du lagun oraingoan?
'Aulki-jokoa' gaur 22:30ean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.