Aulki Jokoa
22:30
Artea eta ezusteko gehiago, gaur gaueko 'Aulki Jokoa'n
EiTB
Bertsolaritza, literatura, musika, argazkigintza... Arte-diziplina horiek guztiak jorratuko ditu Edurne Azkaratek aste honetan.
Bertsolaritza, literatura, musika, argazkigintza... Arte-diziplina horiek guztiak izango ditu gaur gaueko 'Aulki-jokoa'k. Arte eta ezustekoz beteta dator, beraz, asteleheneko saioa, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.
Berri Txarrak taldeko bateria-jotzailea da Galder Izagirre, eta argazkilaria ere bada. Lehenengo ofizioa ez, baina bigarrena behin baino gehiagotan gurutzatu zaio bertsolaritzarekin. Txapelketa Nagusiko argazkilaria izan da: hainbat euskarritarako argazkiak atera dizkie bertsolariei, eta bertso-saioei askotan begiratu die argazki-kameraren atzeko zulotxotik. Txapelketa Nagusiaren ikuspuntu berezi hori erakutsiko dio Galder Izagirrek Edurne Azkarateri Donibane Lohizuneko saioan.
Zeresan handia eman ohi dute Txapelketa Nagusiko gaiek. Gustukoak izaten dira batzuetan, kritika-iturri beste askotan. Gai-jartzaile taldearen ardura da saioetako gaiak prestatzea, eta euren bilera batean sartu ditu kamerak 'Aulki-jokoa' saioak nola lan egiten duten ikusteko.
Miren Amurizarekin egingo dute aste honetan doinuen bide ezkutua. 'Zimur-zimur egina da' doinua sortu zuen berak Chavela Vargasen 'Se me olvidó otra vez' kantan oinarrituta. Edurne Azkaratek Juantxo Zeberiorekin batera aztertuko du jatorrizko abestia eta bertso-doinua, pianoa lagun dutela. Xabier Euzkitzerekin 1993ko Txapelketa Nagusira joango dira, eta zezenaren lekuan jarrita kantatu zituen bertsoak oroituko dituzte.
Donibane Lohizuneko bertsoaldi onenak, Andoni Egañak hautatuta
Igandean Donibane Lohizunen jokatu da Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko azkenaurrena. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio aritu dira bertan kantuan, eta saioaren balorazioa egingo du gaur Andoni Egañak.
'Aulki-jokoa' gaur gauean, 22:30ean hasita, izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.