Batek daki
22:15ean
'Zer jan, hura izan', gaur gauean, 'Batek Daki' saioan
A.E.|EiTB
Gaurtik aurrera, egunez aldatuko da Aitziber Garmendiak gidatzen duen saioa.
Elikatzeko modu ezberdinak aztertuko ditu gaur gauean Aitziber Garmendiak 'Batek Daki' saioan: Zer jan, hura izan! Pertsona batek jaten duena aztertuz gero, pertsona horren izaera ezagutu daitekeela diote. Edo alderantziz izaten da? Norberaren izaeraren arabera aukeratzen ote da elikadura mota? Zer izan, hura jan? Batek daki!
Elikadurak duen garrantzia ikusita, Garmendia elikatzeko modu ezberdinak ezagutzen ibiliko da aste honetan. Horretarako, elikagaiak modu orekatuan erosten saiatuko da Oñatiko Amaia Diaz de Monasterioguren dietistarekin.
Sagardotegietako menua oso errotuta dago Euskal Herrian. Ez da sagardotegirik txuletarik gabe! Hala, haragijale amorratua den Isastegi sagardotegiko Aitor Lasarekin egongo da. Animatuko ote da haragijalea begano batean bazkaltzera?
Euskaldunok garrantzi handia ematen diogu jateari. Munduan metro koadroko Michelin izar gehien dituen herria izango da gurea. Baina 'mitxelinak' esanda, hiru izar dituen Arzak jatetxean izango da Garmendia. Bertan, Igor Zalakain laborategiko buruarekin egongo da sukaldeko teknika berriak ezagutzeko. Bestalde, teknika berri horiek sukalde tradizionalean erabiltzeko, Ataungo talogileekin elkartuko da, ikasitakoak haiei erakusteko asmoz.
Punta-puntako kirolariek dituzten dietak ere ezagutuko ditu Axier Prisa kulturistarekin. Txapelketa garaian izaten dituzten dieta zorrotzak ezagutuko ditu, eta gimnasioan urte osoan zehar egin behar izaten duten lan gogorraz arituko dira.
Hala ere, ez dira Euskal Herriko elikaduretan zentratuko. Munduko jakiak ezagutzeko asmoz, Paloma Martinez mexikarrarekin gosalduko du Aretxabaletan, eta, meriendatzeko orduan, tea hartzera joango da Garazi Hach Embarek sahararraren etxera.
Hori guztia eta askoz gehiago, gaur izango da ikusgai, 22:15 aldera, ETB1en eta eitb.eus-en.